Museoak, arte diziplina ezberdinetako agertoki
MusEkintza jaialdia aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Bederatzi ikuskizun eskainiko dituzte zazpi agertokitan; tartean, Euskal Herria Museoan eta Arrantzaleen Museoan
MusEkintza Jaialdia aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Irailaren 24an hasita, hilabete bakoitzeko azken zapatuetan ospatuko dute jaialdia. Hala, Bizkaiko foru museoak arte-diziplina ezberdinetako agertoki bihurtuko dira. Guztira zazpi toki berezi dira MusEkintza Jaialdia hartuko dutenak, zeintzutan urtean zehar bederatzi ikuskizun ezberdin eskainiko ditu aldundiak.
Hain zuzen, leku horien artean daude Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoa eta Bermeoko Arrantzaleen Museoa. Lehenengoan, urriaren 30ean eta 2022ko ekainaren 24an egingo dituzte ekitaldiak. Hala, museoa pelikula bat filmatzeko toki bilakatuko da urriaren 30ean; izan ere, bisitariak aktore izango dira egun batez, eta museoaz beste modu batera gozatzeko parada izango dute. Film labur bat egiteko prozesuan parte hartzera gonbidatuko da jendea. Kamerak, argiak, zuzendari bat, konboa, mikrofonoak…; zinemaren magiaz gozatuko dute historiaz beteriko jauregi zahar batean. Bilboko Zinemagintza Eskolak (ECCBI) izango du hura gauzatzeko ardura, Amara Mosteiroren zuzendaritzapean.
Ekainaren 24an, berriz, Zentzumenen Akelarrea izango da museoak eskainiko duen esperientzia. Izaskun Barroso aktore eta zuzendariak antzerki-esperientzia bat proposatzen du egun horretarako; William Shakespeareren eskutik, baina Euskal Herriko errealitatera, historiara eta mitologiara hurbilduz. Esperientzia berritzailea, poetikoa, ahaztezina izango dela aurreratu dute.
Arrantzaleen museoak inprobisazio ilustratuen ikuskizuna esakiniko du, Leire Llanoren eskutik. 2022ko urtarrilaren 29an izango da. Inprobisazio ilustratuen saioetan musikari batek eta bi ilustratzailek inprobisazioz jarduten dute, eta murgiltze-espazio bat sortzen dute elkarrekin, non, musikaren eta irudiaren bidez, parte hartzen duten ikusleek gaur egun garrantzi berezia duten gai globalei buruzko gogoetak partekatu ahal izango dituzte. Oinarrizko ilustrazioak eta materialak aldez aurretik prestatuko dira, eta ekitaldian garapen inprobisatuari ekingo zaio, musikariaren, ilustratzaileen eta publikoaren arteko feedbackaren arabera.
Bi artistek ikertu, garatu eta hausnartzen dituzten edukiak oinarri hartuta sortuko dituzte gaiak. Alderdi bisuala atzean egongo den proiektore baten kristalaren gainean sorraraziko da, argi-itzalen joko hipnotikoa lortuz.
Erreserba egin behar da. Atzo goizean aurkeztu zuen jaialdia Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak. Azaldu zuenez, “museoez gozatzeko beste modu bat aurkeztuko dugu, hots, musika, dantza, zinema, antzerkia, umorea, magia, argiztapena eta museoak batzen dituen jaialdi berria. Jaialdiko agertokiak Bizkaiko foru museoak eta Muñatonestarren gaztelua izango dira. Guztira, zazpi toki berezi dira, non urtean zehar bederatzi ikuskizun ezberdin eskainiko baitira”.
Espazio bakoitzerako argiztapen eta proiekzio apaingarri berezi bat prestatuko dute, ikusleen esperientzia indartze aldera. Azaldu dutenez, espazioak bereziki girotuko dira, argiztapenarekin, mapez hornitutako bideo-proiekzioekin eta soinuekin, aukeratzen den espazioan esperientzia bat sortze aldera, publikoa museo bakoitzean egingo den arte-ekitaldira joan aurretik.
Jaialdiko ekitaldietara joateko aldez aurretik egin beharko da erreserba, ekitaldia egingo den museoan edo gunean.