Herritarren iritzia ezagutzeko parte hartze prozesua abiarazi du Bermeoko Udalak
Etxe guztietara bidaliko duten inprimakia beteta parte hartu daiteke. Bi ariketa "erraz" prestatu dituzte, eta aurten, inprimakia sarean betetzeko aukera ere badago.
“Ezinbestekotzat jotzen dugu herritarren lehentasunak zeintzuk diren identifikatzea 2022ko aurrekontuaren exekuzioan islatzeko”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak. Hori dela eta, aurten ere, Bermeoko Udalak parte hartze prozesu bat abiarazi du herritarren lehentasunak eta iritziak ezagutzeko.
Herritarrek prozesuan parte hartu ahal izateko Bermeoko Udalak inprimaki bat prestatu du, eta etxe guztietara bidaliko dute. Aipatu inprimakian bi ariketa “erraz” aurkitu daitezkeela esan du Idoia Platas zinegotziak. Batetik, proiektuen zerrenda bat jarri dute, 11 dira. Esan dutenaren arabera, aurretik herritarrek izan dituzten kezkak kontuan hartu dituzte aipatu proiektuak zehazteko orduan. Herritarrek 1etik 10era puntuatu beharko dituzte zerrendako proiektuak: puntu 1 lehentasun txikiena duenari eta 10 handienari. Bigarren ariketa, berriz, librea da, hau da, herritar bakoitzak gura duena idazteko aukera izango du. Udalaren “gaitasuna eta eskumena” kontuan hartzea eskatu du Platasek.
Aurrekoan egin modura, herritarrek ez dute izen-abizenik jarri beharko inprimakian, baina adina, sexua eta bizi den ingurua zehaztu beharko dituzte. Galdetegiaren ale gehiago behar duten horiek, Bermeoko Udalaren webgunetik (www.bermeo.eus) jaitsi ahalko dute. Liburutegian, Berhazen edota Gizarte eta Kultura Etxean ere aurkitu daitezke, hain zuzen ere, inprimakiak uzteko buzoiak jarrita dauden lekuetan.
Aurten, gainera, gazteen parte hartze zabalagoa lortzea dute helburuetako bat. Horregatik, horiei zuzendutako “mezu bereziak” zabalduko dituztela iragarri dute, eta sare sozialak erabiliko dituzte horretarako. Eta, erosotasunak eman asmoz, aurten, inprimakia sarean bertan betetzeko aukera badagoela esan du alkateak; “ahalik eta herritar gehiengana iristea da asmoa”.
Inprimakia betetzeko edo entregatzeko azken eguna irailaren 22a (eguaztena) izango da.
Proposamen guztiak kontuan hartuko dituztela azaldu du Bermeoko alkateak; “horien arabera egingo dugu 2022ko aurrekontuaren diseinua, aurrekontu errealista bat jarri gura baitugu mahai gainean”.
Udal gobernuak herritar guztiak gonbidatzen ditu parte hartzera, “beraien iritziak eta lehentasunak zuzenean adieraztera”.