Gautegiz arteagarrek kultur eta kirol eskaintzez gozatuko dute
Herriko umeentzako antzerki bat, pilota partiduak eta Bizkaiko Lokotx Batze Txapelketa egongo dira bihartik domekara bitartean Gautegiz Arteagan.
San Antolin egunez, baina jairik ospatu barik, kultur eta kirol ekitaldiak egongo dira bihartik domekara bitartean Gautegiz Arteagan. Herriko umeentzako antzerkiak, pilotak eta herri kirolek hartuko dituzte hurrengo egunak.
Juan Felix Naberan herriko alkateak adierazi du ez dituztela jaiak ospatuko, baina kultur eta kirol ekintza xumeak egingo dituztela: “Pandemiak asko kaltetu du kultura, eta herrian ekintza xume bat egitea pentsatu genuen, kultura bultzatzeko. Horri pilota partiduek eta herri kirolek emango diote jarraipena”.
Herriko txikienek kale antzerkiaz gozatuko dute bihar 19:00etan Gautegiz Arteagako parke berrian. Baina euria eginez gero, frontoira lekualdatuko dute ikuskizuna. Kantu kolore taldearen Ametsen urtebetetzea izango da ikusiko dutena.
Antzerkiari pilotak hartuko dio lekukoa etzi 21:30etik aurrera. Lau t’erdiko partidua lehiatuko dute lehenengo Bakaikoak eta Salaberriak, eta euren partidua amaituta, binakako bi norgehiagoka gehiagoz gozatuko dute frontoira bertaratzen direnek. Victorrek eta Oier Etxebarriak Asier Agirreren eta Endika Uriondo gizaburuagarraren aurka jokatuko dute. Eta, azken norgehiagokan, aurrez aurre ariko dira Bengoetxea VIa eta Albisu Irribarria eta Rezustaren aurka. Frontoian edukiera mugatuta egongo denez, 100 sarrera jarri dituzte salgai Egala eta Artea tabernetan zein online.
Bizkaiko txapelketa. Leku berean lehiatuko dute domekan 12:00etan Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa. Emakumezkoetan eskualdeko Irantzu Onaindiak, Iraide Gezuragak eta Aiora Otazuak parte hartuko dute, eta Amaia Iturraspek eta Valentina Rangelek osatuko dute lehia.
Gizonezkoetan zortzi kirolari ariko dira nor baino nor gehiago. Busturialdeko ordezkaritza zabala egongo da, Aritz Martinek, Patrik Saituak, Xabat Erleagak eta Beñat Obietak parte hartuko baitute. Eurekaz batera ariko dira, Oier Ibergallartu, Xabier Rodriguez, Kyle Rimmer eta Jon Tobarra.
Bizkaiko txapelketaz gain, aizkora eta harri jasotze erakustaldiak ikusi ahalko dituzte ikusleek. Aizkoran, Atutxa II eta Gisasola IVa ariko dira, eta harri jasotzean, Gisasola Va. Herri kiroletan ere, frontoiko edukiera mugatuta egongo da, eta osasun eta segurtasun neurriak errespetatu beharko dira.