Odol erreserbak gutxitu direla-eta, odola emateko deia egin du Odolkideak Elkarteak
Aurtengo udan odol erreserbak "beste urte batzuetan baino gehiago gutxitu" direla adierazi du Euskadiko Odol Emaileak elkarteak. Hori dela eta, herritarrak deitu dituzte odola ematera.
Eman odola, nigan bizi lelopean, Osakidetzak, Euskadiko Odol Emaileak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak odola ematera deitzen ditu herritarrak, baina kanpainari bultzada eman gura diote orain. Izan ere, odol erreserbak asko gutxitu dira udan.
Jakinarazi dutenez, ohikoa da udan odol erreserbak jaistea, odol emateak %50 gutxitzen direlako. Baina, aurtengo udan odol erreserbak “beste urte batzuetan baino gehiago gutxitu” direla adierazi du Euskadiko Odol Emaileak elkarteak. Hala berretsi dute Gernika-Lumoko Odolkideak elkartekoek: “Ohikoa da udan eskasia gehiago egotea, baina aurtengo egoera larriagoa da. Erresberbak behar dira ospitaletan, odola erabiltzeko prest egon behar da”. Egoera horren aurrean, dei berezia egin dute udan Eman odola, beharrezkoa da lelopean. Aitziber Garmendia, Barbara Goenaga edota David de Jorge bezalako pertsonaia ezagunekin odola ematera joateko dei berezia egin zuten.
Iraila odol erreserbak betetzeko “hilabete garrantzitsua” dela diote Odolkideek, eta eskualdeko herritarrak deitu dituzte odola ematera. “Momentu garrantzitsua da iraila, udan egoten den hutsunea betetzeko. Eta aurton inoiz baino gehiago daukagu erresberbak betetzeko esperantza”.
Eskolak hasterakoan egoera normalizatzen joatea espero dute. Gainera, udalerriko Losalen eta Maier fabriketan ere “laster” hasiko direla odola emateko aukera eskaintzen adierazi dute: “Fabriketan odola emateko aukera martxan jarri gura dute, hori ere odol iturri handia delako”.
Hori horrela, deialdi berezia egin diete herritarrei, odola ematera joan daitezen, “herritarren borondatea ezinbestekoa delako autonahikodunak izatera heltzeko”. Osasun eta higiene segurtasuna bermatzeko neurriak bermatuta daudela gehitu dute.
Ohi legez, odola emateko autobusa Gernika-Lumoko Foruen plazan egongo da, bai eta Bermeoko Lameran ere.
Odola emateko egutegia:
Gernika-Lumo
– Irailak 6 (astelehena): 09:15etik 14:00etara, eta 16:30etik 21:00etara arte Foruen plazan.
– Irailak 11 (zapatua): 09:15etik 14:00etara bitartean Foruen plazan.
– Irailak 13 (astelehena): 09:15etik 14:00etara, eta 16:30etik 21:00etara arte Foruen plazan.
– Irailak 27 (astelehena): 09:30etik 13:45era bitartean, Lameran.
– Irailak 3 (barikua): 17:00etatik 20:30era, Itsas aurre pasealekuan.
– Irailak 17 (barikua): 10:00tatik 13:15era eta 17:00etatik 20:15era, Independentzia plazan.
– Irailak 27 (astelehena): 16:45etatik 20:45era, plazan.