Martxan dago Photoka 2021 argazki lehiaketa
Gernika-Lumoko Photoka Argazkilaritza Elkarteak seigarren urtez bultzatu du lehiaketa. Argazki lehiaketan parte hartzeko azaroaren 1a bitartean eman daiteke izena.
Seigarrenez, Photoka 2021 argazki lehiaketa antolatu du Gernika-Lumoko Photoka Argazkilaritza Elkarteak. Edonork parte hartu dezake lehiaketan, eta hori egiteko azken eguna azaroaren 1a izango da. Ohi legez, Argizaiola lehiaketaren sailkapenerako baliagarria izango da, lehenengo hiru sailkatuek automatikoki eskuratuko dutelako Euskal Herri mailan egiten den lehiaketa nagusirako gonbidapena.
Bi modalitate izango ditu udalerriko lehiaketak: teknika baldintzatua eta librea. Teknika baldintzatuko kategorian argazki monokromo edo kolorekoak aurkeztu ahalko dira. Hau da, argazkiak prozesatzean, errebelatze digitalaren berezko doikuntzak onartuko dituzte, baita partikulen garbiketa eta ebakidura moderatuak ere. Hala ere, ez dituzte onartuko irudien manipulazioak, “baldin eta argazkiak argazkiaz bestelako errealitate bat islatzen badu”. Epaimahaikideek zalantzarik izanez gero, argazkiaren jatorrizko artxiboa (RAW) eskatu ahalko dute. Teknika librean, baina, argazkiak prozesatzeko orduan edozein teknika mota erabili daitekeela aurreratu dute.
Teknika baldintzatuaren modalitatean, bi kategoriatan banatuko dute lehiaketa: gai libreari dagokiona eta Urdaibaiko argazkiak jasoko dituena. Azken kategoria horretan ingurunea erakustea bilatzen dute Photokakoek: “Urdaibaiko Biosfera Erreserba Bizkaiko eremu natural bat da. Gaztelugatxeko biotopoa Urdaibain ez badago ere, haren segida da, eta bertan ateratako argazkiak onartzen dira”, zehaztu dute.
Gehienez bederatzi argazki. Udalerriko argazkilaritza elkarteko kideek aurreratu dutenez, parte hartzaile bakoitzak atal bakoitzeko hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu gehienez, bederatzi guztira.
Lehiaketa digitala da, eta irudiak Internet bidez bidali beharko dira www.concursosdigitales.com webgunearen bitartez. Argazkien formatua JPG izango da, eta fitxategiek ezin dute 1Mb baino gehiago izan.
Azaroaren 19an jakingo da zeintzuk izan diren lehiaketara aurkeztutako lan onenak. Izan ere, sari banaketa egingo dute Gernika-Lumoko Kultur Etxean 19:30ean. Kategoria bakoitzeko hiru irabazleek 500 euroko saria eta diploma jasoko dute, eta 200 euroko saria eta diploma izango dute bigarrenek. Hirugarrenek, berriz, zetazoak ikusteko bi lagunentzako itsas-txangoa eskuratuko dute.