Urrian ikusi ahalko da Ibarrolaren 'Gernika' Bilboko Arte Ederren Museoan
Urriaren 18tik aurrera Agustin Ibarrolaren 'Gernika' jendeaurrean erakutsiko du Bilboko Arte Ederren Museoak.
Bilboko Arte Ederren Museoak Agustin Ibarrolaren Gernika artelana erosi zuen Madrilgo Arco azokan, eta urriaren 18tik aurrera jendaurrean erakutsiko du. Hamar metro luze eta bi metro garai duen murala 1977 inguruan egindakoa da, Picassoren lanaren omenez. Lan horrekin batera, museoak garai bereko Ibarrolaren beste bi pintura agertuko ditu, dohaintzan emanak.
1977an hainbat artista eta eragilek eskatu zuten Picassoren obra enblematikoa Gernikara ekartzeko, eta eskaera hari bultzada emateko egin zuen margolana Ibarrolak. Hain zuzen ere, urte horretan aurkeztu zuen lana Bilboko Arte Ederren Museoan, eta bi urte geroago berriro jarri zuten ikusgai museo berean, artista beraren beste obra batzuekin batera.
Ordutik, artistaren estudioan egon da, Oman duen baserrian. Lana “kontserbazio egoera ezin hobean” dagoela dio museoak, eta 300.000 eurotan erosi zuen uztailean. Horma-irudia museoa sostengatzen duten hiru erakundeen —Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala— ekarpen berezi bati esker erosi ahal izan zuten.
Ibarrolaren Gernika eskuratuta, XX. mendeko euskal ondare artistikoaren obrarik “garrantzitsuenetako bat berreskuratu” duela dio Arte Ederren Museoak: “Lana, gainera, erakundearen historiarekin lotuta dago, eta nabarmen aberasten du Ibarrolak museoaren bilduman duen ordezkaritza”. Era berean, artista kortezubitarrak obra egin zueneko testuinguru artistiko eta soziala ezagutzeko aukera eskaintzen duela dio, baita obraren garrantzia ebaluatzeko ere.