Tabernak 01:00etan ixtea eta hiriguneetan maskara derrigorrezkoa izatea erabaki du Labik
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (LABI) Koronabirusaren delta aldaerak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izaten ari den hedatzeari aurre egiteko neurri berriak erabaki ditu. Biziberri IV planaren hirugarren mailan sartzea erabaki du aholku batzordeak.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak neurri berriak zehaztu ditu, koronabirusaren delta aldaera izaten ari den eraginari aurre egiteko. Hala, jarduera ekonomiko guztien itxiera 01:00etara aurreratu eta jendea ibiltzen den hiriguneetan maskara derrigorrezkoa izatea erabaki du gaur LABIk.
Halaber, jarduera guztietan baimendutako gehieneko edukiera %35era murriztu dute lokal eta instalazio guztietarako, ostalaritzakoak barne, baina dagoeneko kontratatuta dauden jardueretako izan ezik.
Gainera, jarduera sozial eta kulturaletan eta kirol ekitaldietan bildu daitezkeen pertsona kopurua ere gehiago murriztu dute. 1.600 pertsona arteko edukiera duten esparruetan gehienez 400 pertsona batu ahalko dira barruan, eta 600 kanpoan. 1.600 eta 5.000 bitarteko esparruetan 600 bildu ahalko dira barruan eta 800 kanpoan, eta 5.000 pertsonatik gorako espazioetan %20koa izango da gehienezko edukiera.
Iñigo Urkullu lehendakariak zehaztu duenez, hondartzetan eta igerilekuetan maskara ez da derrigorrezkoa izango, betiere geldi egonda eta pertsonen arteko distantzia errespetatu ahal bada. Hondartzetan eta igerilekuetan joan-etorriak egiteko maskara erabili beharko da.
Neurri murriztatzaile berriak biltzen dituen dekretua bihar argitaratuko da, eta zapatuan, 00:00etan, sartuko da indarrean.
Pandemia osoan egun bakarrean kasu positibo gehien atzeman diren egunean iritsi dira neurri berriak. Izan ere, COVID-19aren 1.801 kasu berri erregistratu zituzten atzo Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
140 kasu. Egoera okerrera doa. Gero eta COVID-19 kasu positibo gehiago ari dira zenbatzen Busturialdean, eta herrietako intzidentzia tasek goranzko joera izaten jarraitzen dute. Hain zuzen ere, atzo 45 izan ziren positiboak: 18 Gernika-Lumon, 17 Bermeon, 3 Muxikan, 2 Ean, 2 Mundakan, 1 Foruan, 1 Gautegiz Arteagan eta 1 Muruetan.
Datu horiekin, 100 puntu igo dira Gernika-Lumoko eta Bermeoko intzidentzia tasak, eta 541,41ekoa eta 851,57koa dira hurrenez hurren.