Iparragirrek sendotuta agurtu du denboraldia
Jendearen ekarpenekin eta kontzertu guztietan aretoa betetzeagaz, proiektuaren bideragarritasuna mantentzea lortu dute Iparragirre Rock Elkartekoek.
Bukatu da aurtengo Iparragirreko denboraldia, izan duten gogorrena. Zalantzaz beteta hasi zuten denboraldia Iparragirre Rock Elkarteko kideek, baina Astrak emandako aurrerapausoa jarraitu eta programazioa martxan jarri zuten: “Hasieran zalantzekin ekin genion denboraldiari, ze Bizkaian ez zen ezer antolatzen eta zalantza asko zeuden kultur jarduerekiko. Baina Astrak aurrera pausoa eman zuen, eta euren ereduari jarraituz, gu ere animatu ginen”. Hala, denboraldia bukatuta, balantzea “oso ona” dela diote.
“Ez dakit zenbat kontzertu eskainiko genituen, baina publikoaren erantzuna oso ona izan da. Kontzertu guztietan aretoa bete dugu, salbuespenik barik”, adierazi dute elkartekoek. Herritarrei kultur jarduerak eskaintzeaz aparte, kanpoko bizilagunak ere udalerrira erakarri dituzte elkartekoek, eta ikusleek hori saritu dutela diote. “Jendeak esan digu Astra eta Iparragirre kultura sustatzearen eredu izan direla eta oso pozik gaude horretaz”.
Gainera, jendearen ekarpenekin eta kontzertu guztietan aretoa betetzeagaz, proiektuaren bideragarritasuna mantentzea lortu dute: “Hasieran zalantzak izan genuen proiektuaren bideragarritasunagaz, baina jendearen ekarpenekin eta kontzertuetan izan dugun harreragaz egoerari buelta eman diogu, eta zorionez, nahiko egoera onean gaude, pentsatzen genuena baino hobeto”. Hala, herritarrei eta kontzertuetara hurbildu diren guztiei eskerrak eman dizkiete.
Hain zuzen ere, ondorio garbi bat atera dute: “Harro gaude herriaz. Harro gaude Astra eta Iparragirretaz, zailtasunak zailtasun agenda kultural bat aurrera eramateko erakutsitako ausardia eta konpromisoagatik. Harro gaude Trinkete Antitxokoaz baita ere, laguntza behar izan dugun momentu honetan, beti bezain eskuzabal ondoan izan ditugulako. Harro gaude zuetaz guztiotaz, asteburuz asteburu gure herriko aretoak bete dituzuen horietaz”.
Hurrengo denboraldia irailaren 11n hasiko dute, eskaintza kulturala eskaintzea posiblea dela ikusi dutelako: “Gernikan kultur eskaintza instituzionala asko murriztu da, eta Astra eta Iparragirrek kultura sustatzen jarraitzeko euren konpromisoa erakutsi dute. Jarraitzeko asmoa daukagu, inolako zalantzarik barik”.