Dendek herriko kaleak jantziko dituzte
Herriko merkatariek udako azoka egingo dute barikuan, zapatuan eta astelehenean, eta Ocho de Enero kalean eta Domingo Alegria plazan eskainiko dituzte euren produktuak. 40 dendek eta 20 tabernek parte hartuko dute.
Gernika-Lumoko merkatariek udako azoka egingo dute beste behin. Urteroko zitari hutsik egin barik, Summer Market antolatu dute berriro. Barikuan, zapatuan eta astelehenean euren produktu eta eskaintzak kalera aterako dituzte herriko dendariek.
10:00etan hasiko da udako merkatua barikuan, eta iluntzeko 20:00ak arte egongo dira produktuak kalean. Zapatuan goizeko ordutegian bakarrik egongo dira, 10:00etatik 14:00etara, eta astelehenean barikuko ordutegi bera izango dute: 10:00etatik 20:00etara.
Azoka Ocho de Enero kalean eta Domingo Alegria plazan kokatuko dute, eta inguruetako establezimenduek kale horietara hurbilduko dituzte euren produktuak. “40 dendek eta 20 tabernek parte hartuko dute udako azokan. Herrigune horretako establezimenduak dira parte hartuko dutenak, bestela gehiagok hartuko zuten parte”, azaldu dute Merkatari Elkarteko ordezkariek. Euria eginez gero, Artekale kalean elkartuko dira merkatariak.
Aparteko beherapenak iragarri dituzte, eta herritarrak erakartzeko moduko apustua egin dute egunotarako. Hain zuzen ere, kale animazioa izango dela iragarri dute, eta ostalaritzan kontsumitzeko promozio bereziak ere izango dira Winter Marketera doazenentzat.
Umeentzako tailerrak. Aurten, aire zabaleko azokaz gain, Zure Alde kooperatibak antolatutako haurrentzako tailerra ere egongo da azokan. Helburua umeak ondo pasatzen duten bitartean gurasoek erosketak egin ahal izatea dela diote, eta tailerrak antolatu dituzte bariku eta zapaturako; barikuan 17:00etatik 19:00etara eta zapatuan 10:30etik 13:30era egongo dira. 15 minutuko iraupena izango dute tailerrek, haurrek eskulan errazak egingo baitituzte paperarekin.
Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da, parte hartzaile kopurua eta edukiera mugatua izango delako. Izena www.zurealde.com webgunean eman beharko da. “Egunean bertan leku libreren bat egonez gero, Zure Alderen bulegoan ere izena eman ahalko da.
Tailerrek COVID-19aren aurkako protokoloan ezarritako neurri guztiak beteko dituzte, eta parte hartzeko maskara nahitaez erabili beharko dela eta eskuak gel hidroalkoholikoz garbitu beharko direla aurreratu dute.