Langileen bizitza eta osasuna lehenesteko eskatu dute
Muruetako 66 urteko behargin bat hil zen atzo, eta heriotza salatu dute Gernika-Lumoko Sortuk eta Ernaik gaur, eta Busturialdeko Kontseilu Sozialistak atzo.
Muruetako 66 urteko behargin bat hil zen astelehenean Gernika-Lumon, eraikuntza bateko aldamio batean lanean ari zela. Bihotzekoak jota hil zen, eta lan heriotza hori salatu dute Gernika-Lumoko Sortuk eta Ernaik gaur, eta Busturialdeko Kontseilu Sozialistak atzo.
LAB sindikatuak Sortuk eta Ernaik deitutako elkarretaratzean parte hartu du gaur, eta gogoratu dutenez, gutxienez 33 dira Euskal Herrian lanean edo lanaren ondorioz hildako langileak. “Dagoeneko istripu ez traumatikoak bilakatu dira lan heriotzen lehen gauzatzaileak. Aurten zazpi langile hil dira arrazoi horrengatik”, adierazi dute.
Argi adierazi dute lan istripuak “ez direla zoriak edo kasualitateak” sortuak, eta “lan harremanen eta prekarizazioaren ondorioa” direla adierazi dute: “Kapitala behin eta berriz jartzen da bizitzen gainetik. Egoera honegaz amaitzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira: eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileen bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena”.