LABek Gernikan hildako langilearen heriotza salatu du
Muruetako 66 urteko behargin bat hil da lan istripu "ez traumatiko" batean Gernika-Lumon, eraikuntza bateko aldamio batean lanean ari zela. Sortu Gernika-Lumok eta Ernaik ere langilearen heriotza salatu dute, eta elkarretaratzea deitu dute biharko.
LAB sindikatuak salatu duenez, Muruetako 66 urteko behargin bat hil da lan istripu “ez traumatiko” batean Gernika-Lumon, eraikuntza bateko aldamio batean lanean zegoela.
Jakinarazi dutenez, San Jose auzunean lanean ari zela bihotzekoak jota hil da behargina 09:20 inguruan, eta hori lan istripu bezala jaso du sindikatu abertzaleak. “Gehiengo sindikalaren akordioaren arabera eraikuntza sektorean bihotzekoak jota hiltzen diren langileak ez dira lan istripu bezala jasotzen, bakarrik arrantza eta garraio sektoreko istripuen kasuan. Baina guk, lan istriputzat hartzen dugu gaurko heriotza, askotan bihotzekoek lan karga handiekin zuzenean lotuta dutelako”.
Hain zuzen ere, bihotzekoak “ez direla kasualitatez gertatzen” adierazi du LABek, “ezta ausaz edo zorte txarragatik ere, patronalak dioen bezala”. “Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuen menpean. Laneko presioa, estresa eta nagusien autoritarismoa giltzarri dira”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek, horiek direla bihotzekoak eta zirkulazio gaitzak sortzen dituzten “ezinbesteko faktoreak” esanez.
Gaurkoagaz, aurton Euskal Herrian hildako 33 langilea dela salatu dute, “aste bitan bigarrena eskualdean”. Eta sindikatuak argitu duenez, istripu ez traumatikoak –bihotzekoak eta iktusak– lan heriotzen lehen gauzatzaileak dira: “2020an heriotza guztien %25 izan dira istripu ez traumatikoak. Aurten dagoenerako, zazpi langile hil dira arrazoi honengatik”.
Egoera horrek ezin duela horrela jarraitu adierazi du sindikatuak: “Argi daukagu lan istripuak, tramatikoak, ez traumatikoak eta laneko joan-etorriak ez direla kasualitatea. Ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira”. Hala, bizi eta lan baldintza duinak eskatu dituzte: «Lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu. Odoluste honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, izan ere, lan harremanen eta joku arauen aldaketatik, eredu aldaketatik, etorriko baita konponbidea. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko duena”.
Sortu Gernika-Lumok eta Ernaik ere langilearen heriotza salatu dute, eta elkarretaratzea deitu dute biharko; 13:00etan Pasealekuko eskaileretan jarri dute hitzordua. LAB sindikatuak ezker abertzalekoen deiagaz bat egin du, eta elkarretaratzean parte hartuko dutela adierazi.