Elantxobeko portura heldu da 'Artearen Ibilbidea II' erakusketa
Eatik Elantxobera ekarri dute erakusketa ibiltaria. Uztailaren 26tik abuztuaren 2ra Mundakan egongo dira ikusgai lanak, eta abuztuaren 2tik 9ra, berriz, Bermeon.
Ondarroatik, Lekeitiotik eta Eatik pasatu ostean, Elantxobera ailegatu da BBK Fundazioak eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean antolatutako Artearen Ibilbidea II erakusketa ibiltaria. Gaurtik [uztailak 19] datorren astelehenera egongo da bertan, eta bihar [uztailak 20] 18:00etatik aurrera, gida baten eskutik erakusketaren nondik norakoak ezagutzeko aukera egongo da.
Ekimenak artea herritarrengana hurreratzea eta museoaren bildumarik oparoena bere aretoetatik harantzago zabaltzen laguntzea du helburu, eta beraz, Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak asmatutako ABC. Bilboko Museoaren alfabetoa bilduma iraunkorraren lanik aipagarrienen hautaketa bat ezagutzeko aukera edukiko dute egunotan bertara hurbiltzen direnek.
Erakusketak, guztira, 36 artelan biltzen ditu, eta artelan bakoitzak bere iruzkina dauka, QR kode baten bidez jaitsi daitekena. Besteak beste ondorengo artisten erreprodukzioak biltzen ditu: Paul Gauguin, Isabel Baquedano, El Greco, Agustin Ibarrola, Xabier Morras, Ramon Zubiaurre, Antonio de Gezala, Aurelio Arteta, Jesus Mari Lazkano, Menchu Gal, Diego de la Cruz, Mari Puri Herrero, Kokoschka, Goya eta Zurbaran.
Busturialdean barrena. Hurrengo asteetan eskualdeko bi udalerritara eroango dute erakusketa ibiltaria. Uztailaren 26tik abuztuaren 2ra Mundakan egongo dira ikusgai lanak, eta abuztuaren 2tik 9ra, berriz, Bermeon.
Ondoren, herri hauetan ipiniko dute bilduma: Bakio, Armintza, Plentzia, Getxo, Portugalete, Santurtzi, Zierbena eta Muskiz.