Doako sarrera digitala beharko da Batzarretxera sartzeko
Gaurtik aurrera eskuratu daitezke sarrera digitalak Batzar Nagusien webgunean edota Batzarrertxeko sarreran jarritako totem batean. Eguna eta ordua aukeratu beharko dira, eta banakako edo taldeko bisita den zehaztu.
Bihartik aurrera, doako sarrera digitala beharko da Gernika-Lumoko Batzarretxera sartzeko. Gaurtik aurrera eskuratu daitezke sarrera digitalak Batzar Nagusien webgunean edota Batzarrertxeko sarreran jarritako totem batean. “Bihartik aurrera, Batzarretxeko egoitza bisitatzea erabakitzen dutenek QR kodea daukan online sarrera bat eskuratu beharko dute, kosturik barik”.
Sistemaren bitartez, Batzarretxea bisitatzeko eguna eta ordua aukeratu beharko dira, eta banakako edo taldeko bisita den zehaztu. QR sarrera hori paperean inprimatuta edota gailu mugikorretan deskargatuta eraman beharko da Batzarretxera. Azpimarratu dutenez, aukeratutako orduko lehenengo 15 minutuetan agertu beharko da hitzordura, ordu horretan ez agertuz gero, sarrera libre geratuko baita.
Sarrera digitalen helburua lurraldeko arkitektura bisitatuenetako bat den foru egoitzaren barruan “pertsonen joan-etorria antolatzea eta edukiera mugatzea” da. Orduka antolatuko dituzte bisitak, eta bisitariek gehienez 45 minutu izango dituzte bisita egiteko. Orduko 22 lagunentzako edukiera muga egongo da, eta noranzko bakarreko ibilbide batek ordenatuko du pertsonen joan-etorria foru egoitzaren barruan; ibilbide hori osoko bilkuren aretoan hasi eta Gernikako Arbolan amaituko da, Batzarretxeko beste instalazio batzuetatik igaro eta gero, tartean Beirateen Aretotik, liburutegitik eta lehendakariaren bulegotik.
Batzarretxeko barrualdea pandemia hasi zenetik egon da itxita, baina pandemia indarrean egon den denbora hori sarbide formula berria diseinatzeko, prestatzeko eta instalatzeko baliagarria izan dela dio Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak: “Bizkaiko txoko bisitatuenetako bat ezagutzera hurbiltzen diren pertsonen kontrol handiagoa izateko ezarri dugun sistema berria da hau, izan ere, Batzarretxea Bizkaiko hirugarren esparru historiko eta kultural bisitatuena da, Guggenheim eta Arte Ederren museoaren atzetik. Bisitarientzat erosotasun eta segurtasun plusa izango da”.
Sarrera digitalaz aparte, Batzarretxearen barruan informazio taulak eta QR kodeak jarri dituzte, aretoen eta ondare-elementuen azalpen zehatzakaz. Bost hizkuntzatan kontsultatu ahal izango dira: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez.
Bisitak. Gernika-Lumoko Batzarretxea Bizkaiko eraikin bisitatuenetako bat da. 2019an zehar, 162.675 pertsonak bisitatu zuten, aurreko urtean baino %7,2 gehiago. Bisitarien heren bat atzerritarrak izan ziren, baina gehienak kataluniakoak (19.123), Madrilgoak (15.286) eta Andakuziakoak (11.812).
Euskal herritarren artean ere leku esanguratsua da Batzarretxea, ia 30.000 sarrera lurralde historikoetako pertsonenak izan zirelako. Esan daiteke urte horretan Bizkaia bisitatu zuten hamar turistetatik bat Gernikako Batzarretxera joan zela: “Horrek gure Batzar Nagusien egoitzak jentea erakartzeko daukan ahalmen handia erakusten du”.