Tamaina handiko 12 eukalipto kendu dituzte Kurtzio errekatik
Ibaiertzeko landaredia lehengoratu dute, horrela errekaren ibilgua egonkortzeko eta inguruko landaredia sustatzeko.
Uraren Euskal Agentziak tamaina handiko 12 eukalipto (Eucalyptus globulus) kendu ditu Bermeoko Kurtzio errekaren hegaletan. Jarduera hori errekastoaren ibilguak zaharberritzeko lanen barruan sartzen dute, hain zuzen ere, lekuko ibaiertz landaredia berreskuratzekoen barrenean. Lan horiek Bermeoko Udalak Uraren Euskal Agentziagaz sinatutako elkarlan akordioaren ondorio dira.
Zuhaitzok behetik ebaki dituzte: adaburutik beheranzko inausketa kontrolatu baliatu dute, plataforma jasotzaile bat erabilita. Kurtzio ibaiaren ertzetan sortu ziren aleak dira, ez gertuko baso-ustiategi batekoak. Hurrengo urteei begira, eukaliptoen motzondoak tratatuko dituztela aurreikusi dute, ez daitezen atzera ernaldu. Errekaren ezkerraldeko ertza, gainera, ibaiertzeko espezieekin birlandatuko da. Motzondoen jarraipenari dagokionez, gutxienez, 3 urtez egingo da. Jarduketaren zenbateko totala 18.025,16 €-koa izan da ( % 21eko BEZa sartu barik).
Artike ibaian. Era berean, Artike ibaian, zeharkako trabak (presak, esate baterako) kentzea eta egungo harri lubeten inguruan lerradura txikiak ikusten diren zenbait puntutan ibaiertza berreskuratzea ari dira aztertzen. Artikeren ibai ezaugarriek, izan ere, lerradura horiek agertzea ahalbidetzen du: penditz nabarmeneko aldapa handiak ditu, bertako higadura oso esanguratsua da eta material solidoen garraiorako gaitasun handia du.
Alde batetik, Artike ibaiaren ibaiertzetatik askatutako tamaina handiko beste 10 zuhaitz kendu dira, arroan zehar; sekzio hidraulikoaren murrizketa garrantzitsua eragiteko arriskua suposatzen zutela estimatu dute, ibilgura jausitako zuhaitzek sortzen zuten sedimentu pilaketagatik. Garbiketa behar horiek egiten jarraituko dute, beraz, ibilgua garbi egon dadin eta ibaiertz naturalak nahiz lekuz aldatutako harri lubetak berrezarri daitezen. Izan ere, zuhaitzak erori eta lurra bota ondoren, zuloak sortu ziren.
Bestalde, azterketa hidrauliko bat ere egingo da, ibaia bere egoera orijinalera bueltarazteko neurri gehigarriak zehaztu ahal izateko: luzetarako konektibitatea hobetzeko, eta Artike ibaiaren ertzen egonkortasuna bultzatzeko, Artikek Frantsuene aldean duen goiko zatian ere bai.
Berdentza erreka. Berdentza errekan ere, San Andres presatik behera dagoen zatian, lubizi batek ekarritako materiala kenduko da, sekzio hidraulikoa murriztu egin baita eta ibaian behera dagoen Urdaetxe baserria arriskuan jarri baitu. Ibilgutik garbitu beharreko materiala alboko landan zabalduko da, ibaiertzeko jabearen laguntzari esker.
Proiektu horrek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantziazioa jaso du, lanak aurrera atera ahal izateko.