Foruko Udalak zakarrontzi bereziak jarriko ditu
Bilketa selektiboko ontziak eta, gerora, material plastiko birziklatuz eginiko bankuak jarriko dituzte herrian zehar.
Foruko Udalak jasangarritasunaren eta ekologiaren aldeko urratsak emateko hautua berretsi du. Izan ere, umeentzako herriko jolas guneetan bilketa selektiboko zakarrontziak jartzeari ekin diote. Mikel Magunazelaia Foruko alkateak adierazitakoaren arabera, “lehendabiziko fasean, Kultur Etxe inguruan jarri ditugu bilketa selektiboko ontziak”; dena dela, alkateak aurreratu du bigarren faseari begira, “modu ziurrean aurreikusita” dagoela Landaberdeko eremuan dagoen jolas espazioan ere ipintzea eta baita Ibarreko umeen parkean ere.
Hurrengo fasea hasteko, eskaria burutuko dute eta “ahalik eta arinen” hasiko dira egokitzapenak. Horrez gain, mantenimendurik behar ez duten bankuak ere jarriko dituzte herrian zehar. Europatik datorren Jasangarritasunerako Helburuen Planaren baitan kokatzen da neurri hori. Ildo horretan, bankuak plastikozkoak izango dira, egurrezkoak barik. Gainera, inongo mantenurik behar ez izateaz harago, itsasotik ateratako hondakin plastikoak birziklatuz sortzen dira bankuok. Magunazelaiak argitu du bankuek “egurrezkoen antz berbera” izango dutela, baina “material eta ziurtagiri aldetik” bereziak direla. Alemanian sariketa bat irabazi berri du banku eredu horrek eta, hortaz, “urrats esanguratsua” da urbanismo jasangarriaren arloan.
Horregaz guztiagaz, Foruko Udalak “jasangarritasunaren esparruari helduta” ekingo dio hiri altzarien egokitze prozesuari.