Urdaibai laugarren eta Busturialdea hamargarren sailkatu dira Bizkaiko Txapelketan
Bermeo laugarren eta Elantxobe hamargarren sailkatu dira Lekeition lehiatutako Bizkaiko Txapelketan.
Gizonezkoetan Santurtzi eta emakumezkoetan Deusto dira aurtengo Bizkaiko txapeldunak. Atzo arratsaldean [uztailak 14] Lekeition jokatu zuten Bizkaiko Traineru Txapelketa. Gizonezkoetan, Zierbena sailkatu zen bigarren, eta Ondarroa hirugarren. Emakumezkoetan, Ondarroa iazko txapeldunak ezin izan zuen titulua berretsi, eta txapeldunorde geratu zen. Isuntzaren arraunlariek, berriz, brontzezko domina irabazi zuten.
Olatuak egoki hartzen asmatzea giltzarria izan zen, eta Gizonezkoetan zein emakumezkoetan ligan gertatzen ari dena islatu da Bizkaiko Txapelketan. 20.53,93 markagaz gailendu zen Santurtzi. Zierbena izan zen haren aurkari nagusia, lehen hiru luzeetan parean ibili ziren, baina Itsasoko Amak bikain egin zuen azken luzea, lehia emozio barik erabakiz. Hain zuzen, azken luze bikainaren ondorioz, Ondarroak podiumean sartzea lortu zuen, Urdaibairi aurre hartuta. Amaieran, hamar segundo eta 32 ehuneneko aldea egon zen Ondarroaren eta Bermeoren artean.
Txapeldunarengandik hamalau segundo eta 91 ehunenera geratu zen Zierbena, eta 34 segundo eta sei ehunenera Ondarroa.
Elantxobe izenagaz lehiatu zen Busturialdea hamargarren sailkatu zen, Itsasoko Amarengandik bi minutu, 56 segundo eta 23 ehunenera.
ETE Ligan Tolosaldeagaz batera aurrean ari da Deusto, eta Ondarroa oso gertu izan bazuen ere, bandera irabazita nagusitasun hori berretsi zuen atzo ere. Hamabi minutu, 11 segundo eta 31 ehunenetan burutu zuten estropada txapeldunek, eta ondarrutarrak lau segundo eta hamazortzi ehunenera sartu ziren. Isuntzakoek, berriz, irabazleengandik hamahiru segundo eta 59 ehunenera amaitu zuten. Lutxana laugarrena Deustorengandik 55 segundo eta 92 ehunenera geratu zen.
Beteranoen estropadagaz hasi zuten txapelketa, eta Bilbao izan zen azkarrena: 12.16,58. Plentzia bigarren eta Getxo hirugarren sailkatu ziren. Txapeldunarengandik hiru segundo eta 55 ehunenera sailkatu zen bigarrena, eta hamazortzi segundo 44 ehunenera hirugarrena.