Olatz Arrizabalagak Plazaz Plaza Txapelketaren azken kanporaketa jokatuko du
Domekan Bartzelonan lehiatuko dute Plazaz Plaza Txapelketaren 6. jardunaldia. Pilotari gernikarraren helburua da uztailaren 25eko final-laurdenetarako txartela lortzea.
Ekainaren 4ean hasi zuten Plazaz Plaza Txapelketa, eta asteburu honetan Bartzelonan jokatuko dituzte azkenengo kanporaketak. Bikotekako txapelketa horren seigarren jardunaldia domekan [uztailak 18] lehiatuko dute, 10:00etatik aurrera.
Lau partidu jokatuko dituzte. Olatz Arrizabalaga gernikarrak eta Ane Mendiburuk Eneritz Arrieta eta Naroa Elizalderen kontra jokatuko dute.
Arrizabalagaren eta Mendibururen helburua final-laurdenetarako sailkatzea da: “Helburua final-laurden horretan egotea da, eta asteburu honetako partidua irabazita hori lortuko genuke. Partidu polita izan daiteke. Naroa eta Eneritz aspaldion ez ditut jokatzen ikusi. Halako plazako frontoi batean, edozer pasatu liteke. Bartzelonan jokatzea berezia izan ahal da, eta ea zelako frontoiak dituzten handik”. Hain zuzen, Bartzelonan jokatzeko aukera daukatelako, Ados Pilota osatzen duten denak “gustura” daudela dio: “Guganako apustua egin dute, jardunaldi bat Bartzelonan jokatzea gura izan dute. Guk aukera aprobetxatuko dugu, eta ea jaialdi polita irtetzen den”.
Aurreko partiduak. Orain arte bi kaporaketa lehiatu ditu aurrelari gernikarrak. Txapelketaren bigarren jardunaldian, ekainaren 13an, Arrizabalagak eta Mendiburuk 19-22 irabazi zieten Ainhoa Ruiz de Infanteri eta Olatz Ruiz de Larramendiri.
Laugarren jardunaldian, ekainaren 27an, Arrate Bergarak ordezkatu zuen Mendiburu, eta 13-22 galdu zuten Naroa Agirreren eta Gentzane Aldairen kontra. “Ez zen izan partidu erraza. Irurtzuneko plazako frontoia nahikoa arraroa da, ez zen oso erosoa jokatzeko. Agirrek eta Aldaik oso ondo jokatu zuten”, azaldu du pilotari gernikarrak.
Txapelketa “polito” doala dio Busturialdekoak: “Plazako frontoietan ari gara, eta jokatu dugun jardunaldi guztietan jende dezente egon da gure partiduak ikusten. Giro oso polita egon da”.