Hesi berria egin dute Katillotxu tontorreko multzo megalitikoan
Orain arteko itxitura sistema duela 12 urte burututako indusketa beharretan jarri zuten eta, horrenbestez, multzo megalitikoko I eta V trikuharriak berriro hesitu beharra zegoen.
2009an burututako indusketa arkeologikoen ostean ezarritako itxitura perimetrala apurtuta zegoela ikusita, hesi berri bat jarri dute Katillotxuko multzo begalitiko I eta V trikuharrietan, Urdaibai Biosferaren Erreserbako Patronatuak argitu duenez. Ingurugiroan ahalik eta eraginik txikiena duen itxitura mota ezarri gura izan da; hori dela eta, monumentu multzoa dagoen eremutik pasatzen den pistako zatia bakarrik hesitzea erabaki dute. Aztarnategiaren gainerako zatia 30 cm-ko altuerako piboteekin mugatu dute.
Ingurune esanguratsua. Katillotxuko espazioak ganorazko hesi sistema izatea “oso garrantzitsua” dela adierazi dute Patronatutik. Hiru arrazoi nagusi aipatu dituzte hori azaltze aldera: batetik, monumentu multzo azpimarragarria da (Eusko Jaurlaritzaren monumentu multzo izendapena du); bestetik, berriz, bibliografiaren ikuspegitik, esangura akademikoa duen monumentua da; azkenik, Urdaibaiko ibilbide megalitikoaren barruan kokatuta dago. Busturialdeko Agiri elkarte arkeologikoak Patronatuko Lankidetza-Kontseiluan aurkeztutako proposamenaren ostean eraiki da hesi berria. Finantziazioa, ordea, Katillotxuko I eta V multzo megalitikoko eremuaren kudeaketa duen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren mendeko Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zerbitzuak burutu du.