Goizaldean kalean elkartzeko debekua
Gauerditik 06:00ak arte bizikideak bakarrik elkartu ahalko dira kalean. Araua uztailaren 16an, gauerdian, sartuko da indarrean. Neurri berri horrekin, jende multzo handiak biltzea eta jai giroan elkartzea eragotzi gura du Jaurlaritzak. Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak alarma egoeran onartutako bi neurri baliogabetu ditu: herritarren joan-etorria debekatzeko eta aisialdi eta ostalaritza jarduerak ixteko neurriak.
Jaurlaritzak neurri berria onartu zuen atzo, Labi batzordeak bilera egin ostean. Hain zuzen, goizaldean kalean jendea elkartzea debekatzea erabaki du. Hala, bihar gauerditik hasita, 00:00etatik 06:00etara arte bizikideak soilik elkartu daitezke kalean. Neurri hori atzo onartu zuten, dekretu bidez.
Neurri berri horrekin, espazio publikoan jende multzoak batzea saihestu gura du Jaurlaritzak. Jai giroko jende topaketak ez egitea dut helburu arauak, egunotan koronabirus kasuetan egon den igoeraren sorburua halako topaketetan dagoela uste baitute adituek. Arauak, gainera, jendea elkartu ezin daitekeen guneak ere aipatzen ditu: parkeak, lorategiak, hondartzak, kirolguneak, portuak eta kostaldeko pasealekuak. Udalei eman die araua kudeatzeko langintza.
Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak alarma egoeran onartutako bi neurri baliogabetu ditu: herritarren joan-etorria debekatzeko eta aisialdi eta ostalaritza jarduerak ixteko neurriak. Albiste agentzien arabera, eztabaida juridikoaren oinarria da zirkulazioa zein jarduerak mugatzeko alarma egoera nahikoa den, edo salbuespenezko egoera ezarri beharko litzatekeen.