EH Bildu: "Guggenheim proiektua ez dator bat Bruselan diseinatu diren lehentasunezko ildoekin"
Besteren artean, EH Bilduk kritikatu du Guggenheim Urdaibai proiektua artearen munduari eta eskualdeko kultura, ekonomia, eta gizarte eragileei "bizkarra emanda" sortu dutela.
EH Bilduk adierazi du Bilboko Guggenheim Museoa Urdaibaira “handitzeko bultzada” ez datorrela bat Europan diseinatu diren lehentasunezko ildoekin: garapen jasangarriarekin eta digitalizazioarekin. Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkuran koalizio abertzaleak adierazi du Next Generation funts europearren aurrekoa dela proiektua eta Europaren finantzaketa lortzeko aukera baliatu dutela horretarako.
Proiektuaren “opakutasuna erabatekoa” izan dela salatu du EH Bilduk: “Prentsaren bidez arduradun politikoak pixkanaka iragartzen ari dira bi egoitza izango dituela, bata Gernikan, Dalia enpresaren instalazio zaharretan, eta bestea Muruetan, ontziolen egungo kokalekuan, biak lotzeko bide batekin”. Hala, baina, proiektuaren instalazioen ezaugarri zein helburuei buruz “ezer zehatzik” ez dutela esan adierazi du.
Busturialdean horrelako proiektu bat garatzeko “benetako eztabaida” bultzatu beharko litzatekela uste dute kolizio abertzaleko kideek, herritarrek zer garapen mota nahi duten jakiteko: “Urdaibai Biosferaren Erreserba bat da, eta garapen jasangarriko esperientzietarako laborategi izateko helburuarekin sortu zen. Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektua bat dator planteamendu orokor horrekin? Betetzen al ditu legeria propioa eta hari lotutako nazioarteko akordioak?”. Askotariko gaiei buruzko galdera asko daudela dio koalizio abertzaleak, hala nola, ur baliabidearen eskasia handitzeari, Gernikako gentrifikazio arriskuari, garraio publikoaren bidezko mugikortasun erronka berriei, ekosistema sentikorrenak babesteari, instalazio berriak mantentzeko finantzaketa edota Europako funtsek sortzen dituzten kredituak itzultzeari buruzkoak esaterako.
Halaber, Guggenheim Urdaibai proiektua artearen munduari eta eskualdeko kultura, ekonomia, eta gizarte eragileei “bizkarra emanda” sortu dela dio EH Bilduk, eta horri buruzko hainbat kontu galdegin ditu: “Zer motatako beharrei erantzuten die museoaren handitzeak? Zein da bultzatu nahi den proiektu artistikoa? Non daude artearen inguruko helburuak? Zer museo eredu planteatzen duzue?”.
Bizkaian ez ezik, Euskal Herrian ere museo ereduari buruz hausnartzeko bideak zabaldu gura ditu koalizio abertzaleak, artearen eta erakundeen artean zelako lankidetza gura eta behar den jakiteko: “Zalantzan jarri behar da orain arte Bilbon garatu den eta Busturialdean zabaldu nahi den eredua posiblea den, bakarra ote den, edota beste aukera batzuk ote dauden, baldin eta horien benetako helburua herritarrengana gehiago bideratuta badago, eta ez hainbeste ikuskizunera”.