Lapurreta egin dute Busturian
San Kristobal auzoan lapurreta burutu ondoren, Mundakan topatu eta atxilotu zuten erruduna.
Ertzaintzako agenteek 45 urteko gizon bat atxilotu zuten, zapatu arratsaldean, Mundakan. Atxilotuari Busturiko etxe batean lapurreta egitea leporatu zioten. Lekukoen laguntza beharrezkoa izan zuten agenteek, atxilotuari pista jarraitu ahal izateko; handik ordu batzuetara aurkitu zuten gizonezkoa, Mundakan. Busturiko biktimak, ostera, ostutakoa berreskuratu ahal izan zuen: lapurrak ihes egiteko erabili zuen kotxean ezkutatuta zituen oraindik.
Ertzaintzari jakitera eman ziotenaren arabera, telefono dei bat jaso zuten, Busturiako San Kristobal auzoan lapurreta egin zutela jakanaraziz. Dirudienez, pertsona batek leihoa behartu eta etxean sartzea lortu zuen; bertako gelak miatu ondoren, bitxiak eta baliozko beste objektu batzuk hartuta egin zuen alde. Lekuko batzuen arabera, lapurrak, ihesi zihoala, objektu horietako batzuk galdu egin zituen, eta agenteen esku utzi zituzten. Lekukoen datuak bildu ondoren, Ertzaintzak ustezko lapurra bilatzeko, identifikatzeko eta atxilotzeko dispositiboa martxan jarri zuen.
Handik bi ordura, bilatzen ari ziren kotxea Mundakan topatu zuten. Agenteek gidaria (inguruko delitugile ezaguna ei dena) identifikatu eta autoa miatu zuten; ostutakoa aurkitu ondoren, gizonezkoa atxilotu zuten. Atxilotua, 45 urtekoa, polizia egoitzara eroan zuten eta epailearen eskuetan noiz jarriko zain dago orain.