Kontsumo arduratsua bultzatu dute Muxikan
Bigarren eskuko azokan 20 postu jarri zituzten, eta birziklapen tailerrean elkartu ziren gazteenak. EinGo musika taldeak girotu zuen eguna.
Produktuei bigarren erabilpen bat ematearen alde egin dute Muxikan. Bigarren eskuko azokan 20 postu jarri zituzten zapatuan Kurtzeron, eta bertan batu ziren herritarrak zein inguruetako bizilagunak.
Azken urteetan egin ez duten azokan berriro antolatuta, kontsumo arduratsua bultzatzea izan da Muxika, Gorozika eta Ibarruriko Udalaren helburua: “Iaz hasi ginen nekazaritzako produktuak saltzeko azoka bat egiten, eta orduan otu zitzaigun azoka hori egiteaz aparte, bigarren eskuko azoka antolatzea. Gauzei bigarren erabilpen bat ematea bultzatu gura dugu”.
Zapatuko 20 postuen artean, arropa, jostailu, produktu eta gainerakoez gain, Euleuk elkarteko eta Hamaika Garakoen postuak egon ziren. Hala, Senegaleko Warang herrira laguntza eramateko ekarpena egin zuten bertaratutako batzuek, eta erreferendumaren alde sinatu zuten beste batzuek.
Postuez gainera, umeentzako birziklapen tailerra antolatu zuen Ehunzango jolasak, eta giro bikainean elkartu ziren gaztetxoenak. EinGo musika taldea arduratu zen azoka ingurua musikatzeaz.