Muruetako Udalak webgune berria du
Orain arte erabili duten euskarria eraberritu gura izan dute.
Muruetako Udalak aditzera eman duenez, udaleko webgune berria jarri dute martxan. Orain arte erabili izan duten web orrialdea “zaharkituta” eta “inongo eguneraketarik gabea” egon dela adierazi du Julen Karrion Muruetako alkateak; zaharkituta egoteaz gain, Muruetako Udalak ez zuen eduki berririk sartzen eta, horrenbestez, urrats berri bat eman eta sistema berria sortzea erabaki dute.
Orain dela urte bi hasi ziren, hain zuzen ere, aipatutako webgune zahar hura berreskuratzeko asmoagaz: zenbait eduki igo zituzten baina “orain dela urte asko” sortutako webgunea zen hura eta, horrenbestez, ez zegoen eguneratuta. Hori dela eta, Muruetako Udalak webgunearen erabilera erregularrari berrekiteko hautua egin du eta gaur eguneko sistemetara egokitu du. Karrionek gaineratu duenaren arabera, “webgunea lanabes oso egokia da herritarrekin kontaktuan egoteko, gaur egun denok erabiltzen ditugulako ordenagailuak edo telefono mugikorrak”. Era berean, “udal mailako materia guztia kaleratzeko eta egunerokotasuneko gaiak ikusarazteko osagai bikaina” dela adierazi du alkateak.
Orrialdean, batetik, Muruetako Udala zein modutan egituratuta dagoen erakutsiko dute; gainera, herritarrentzako “interesgarriagoak” diren zerbitzuak ere klik batera egongo dira. Aipatutako zerbitzuak udalak zuzen-zuzenean ez baditu, zeren bitartez edo zein bidetatik lortu daitezkeen ere zehaztuta egongo da web orrialdean. Hortaz, Karrionek azaldu legez, “udalak zuzenean eskaintzen ez dituen zebitzuei dagokienez, webguneak berak bideratuko ditu bisitariak arlo jakin bakoitzari dagokion instituzio edo erakundearen webera”. Hori bai, udaleko osagai berri hau “apurka-apurka eguneratzen” joango dela argitu du.
Amaitzeko, app berria ere sortu dute, herritarrak albiste guztien jakitun izan daitezen. Webgunera igongo dituzten zenbait material (oharrak, esate baterako) zuzenean pasatuko dituzte aplikazio horretara, “herritarrek, egun, telefono mugikorra asko erabiltzen baitute eta, ondorioz, bide eraginkorra baita”. Dominio aldaketa ere burutu du Muruetako Udalak: ‘.es’ izatetik ‘.eus’-era igaroko dira.