Busturialdeko hamalau bertsolari ariko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketan
Txapelketa urriaren 3an hasiko dela eta irailean aurkezpena egingo dutela esan dute antolatzaileek. Onintza Enbeita zuzenean finalaurrekoetan sartuko da, 2018an finalistetako bat izan zelako.
Izatez, bi urtetik behin jokatzen den txapelketaren sailkapen fasea iazko maiatzean jokatu behar zen, baina pandemia dela eta, fase hori irailera atzeratu behar izan zuten. Eta nahiz eta sailkapen fasea osorik amaitu zen, «egoerak eraginda» Bizkaiko Txapelketa urtebete atzeratzea erabaki zuten. Hala, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaur [uztailak 7] jakinarazi zuen txapelketa urriaren 3an hasiko dela. Guztira, 44 bertsolarik kantatuko dute txapelketan, eta Busturialdekoak hamalau dira.
Sailkapen fasetik pasatu ziren bertsolariei 2018an finalaurrekoetan kantatu zutenak batuko zaizkie kanporaketa fasea jokatzeko. Hain zuzen, Busturialdeko hamar bertsolari dira iaz sailkapen fasea pasatu zutenak. Horiei, 2018an finalaurrekoetan kantatu zuten Busturialdeko hiru bertsolari gehitu behar zaizkie.
Zuzenean finalaurrekoetan sartuko direnei dagokienez, Onintza Enbeita muxikarra da bat.
Zehaztu dutenez, guztira sei kanporaketa saio, hiru finalaurreko eta abenduaren 18an jokatuko den finala edukiko ditu txapelketak.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, irailean txapelketa aurkezteko agerraldia egingo dute, eta orduan informazio gehiago emango dute (sarerrak, saioen lekua eta ordutegia, eta abar).
Busturialdeako bertsolariak, faseka
- Kanporaketa fasean: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (Gernika-Lumo), Asier Galarza Garai (Muxika), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo), Enare Muniategi Etxabe (Gautegiz Arteaga), Eneko Aldana Carrasco (Forua), Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika-Lumo), Julen Ibarguengoitia Ordorika (Gernika-Lumo), Koldo Gezuraga Seijido (Gernika-Lumo), Koldo Muñiz Aldamizetxebarria (Forua) eta Mikel Retolaza Etxebarria (Busturia).
- Kanporaketa fasean (2018ko finalaurrekoetan kantatu zutenak): Ander Elortegi Garatea (Gernika-Lumo), Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia (Gernika-Lumo) eta Julen Arzanegi Erezuma (Gernika-Lumo).
- Finalaurrekoetan sartuko direnak: Onintza Enbeita (Muxika).