Basoko langile bat hil da lan istripuan, Muxikan
Beharginaren heriotza salatzeko, gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du barikurako [uztailak 9]. 12:00etan elkartuko dira Kurtzeroko bidegurutzean. Muxikako Udalak sindikatuek antolatzen dituzten mobilizazioetara joateko deia egin die herritarrei.
25 urteko basoko langile bat hil da gaur goizean Muxikan, lan istripuan. 09:00ak aldera jaso du abisua 112 zerbitzuak, eta Osakidetzako helikopteroa istripua gertatu den lekuraino joan da. Medikuak 10:00ak aldera jakinarazi du langilea hil egin dela.
Beharginaren heriotza salatzeko gehiengo sindikalak elkarretaratzea deitu du barikurako (uztailak 9). 12:00etan elkartuko dira Kurtzeroko bidegurutzean.
Sindikatuen deialdiagaz bat eginez, Muxikako Udalak sindikatuek antolatzen dituzten mobilizazioetara joateko deia egin die herritarrei, eta ezohiko osoko bilkura deitu du barikurako, istripuari buruzko adierazpen instituzionala onartzeko. 11:00etan egingo dute ezohiko udalbatzarra.
Bi sindikatuek eta udalak doluminak helarazi dizkiote familiari. Langilearen heriotzaren arrazoiak ikertzeko eskatu dute sindikatuek, lan baldintzak eta lan erritmoak barne: “Erantzuleak seinalatu behar dira”.
Duela urtebete, basoko lanetan ari zen beste langile bat hil zen Muxikan, 2020ko uztailaren 6an. LAB eta ELA sindikatuak jakinarazi dutenez, azken hiru urteetan hiru izan dira udalerri horretan hil diren basoko langileak. Basogintza sektoreari dagokionez, hiru dira aurten hildako langileak.
Bi sindikatuek salatu dutenez, basogintza lanetan ez dira “behar besteko prebentzio neurriak” hartzen. Gaurko heriotza “kontrolik ez dagoenaren seinale” dela adierazi du LAB sindikatuak, eta sektore horretako lan baldintzak “gero eta prekariagoak” direla dio: “Baso lanen sektorean arriskuak handiak dira; besteak beste, makinaria arriskutsuak erabiltzen dira, egoera klimatologiko txarra, lur malkartsuetan lan egin beharra… sektore honetan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, langileen osasuna eta bizitzaren gainetik irabazi ekonomikoak nagusitzen direlako hemen ere”.
ELAk ere, basogintza sektoreko enpresek euren etekinak “lehenesten” dituztela uste du: “Salatu nahi dugu enpresek ez dituztela prebentzio-neurri eta baliabide nahikorik hartzen. Izan ere, euren etekinak lehenetsiz, lanean hiltzera behartzen dituzte langileak”. ELAko kideen berbetan, “prekarietatea, behin-behinekotasun tasa handia, azpikontratazio-kateak eta prebentzio-legea sistematikoki ez betetzea” dira gaitz horren jatorriaren atzean dauden arrazoi nagusiak.
“Kezkagarria eta asaldagarria” da LABekoentzat lan istripuak gero eta gehiago izatea urtez urte, eta hori “prekarizazio politikoaren ondorio zuzena” dela diote, baita erakundeek lan osasunean “egiten ez duten kontrol zehatzarena” ere: “Enpresa txiki asko daude, inongo kontrolik barik, eta auskalo zelako formakuntzagaz dabiltzan langileak lanean. Ez dago derrigortasunik formakuntzarako eta horregatik gertatzen dira hainbeste istripu”. Uste dute lan arriskuen prebentzioan behar diren neurriak hartuz gero, eta sortutako enplegua kalitatezkoa izango balitz, lan istripuek ez luketela goranzko joera hartuko. “Baso lanetan kontrol zehatzak ipini behar dira. Urteak daramatzagu hori eskatzen, eta ez da neurririk hartzen. Erantzukizunak eskatu behar dira, eta horren erantzuleak dira enpresak, zuzenean, eta administrazioa”, diote.
Hori horrela, instituzioei eta gobernuei “beste aldera begiaratzeari uzteko” eta lan osasun politikak errotik aldatzeko exigitu diete sindikatu abertzaleko kideek: “Sarraski honen aurrean neurriak hartu eta lanean ematen diren istripuak ekiditeko beharrezkoak diren politika errealak behar dira. Horretarako, interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira”.
ELAk salatu du arazo horiei heltzeko eta errotik konpontzeko “borondate falta” dagoela: “Administrazioak gutxieneko kontrolik oinarrizkoena ere ez du egiten. Lan Ikuskaritzan eta Osalanen baliabiderik ez dagoenez, eta zigor gogor eta eredugarririk ez dagopenez, errealitate honetara bultzatzen gaituzte, baina langileok ez dugu errealitate hau inolaz ere onartuko”.
ELA sindikatuak jakinarazi duenez, aurten Hego Euskal Herrian 32 langile hil dira lan istripuz, eta 2020an 70 pertsona hil ziren lanean.