'Martillo' ingurua hobetu guran
Bizikletentzako aparkalekua, pantalanerako beste eskailera bat, nagusientzako arrapala bat eta kirol jardueren sustatzea dira proposatutako aukerak.
Bermeoko EH Bilduk ‘Martillo’ izenez ezaguna den espigoiak “aisialdirako eta hainbat kirol ekintza egiteko aukera” ematen duela adierazi du. Beraz, positiboki hartu dute Portuko zuzendaritzak, Bermeoko Udalagaz elkarlanean, eremu hori uda sasoian herritarrentzat zabaldu izana. Gainera, hainbat proposamen egin dituzte alderdi abertzaletik, “bermeotar herritarren aisialdi espazio hori hobetzeko” helburuagaz.
Proposatu dituzten neurrien artean, ‘Martillo’ inguruan bizikletak era egokian uzteko, “txirrinduentzako aparkaleku bat jartzea” proposatzen du EH Bilduk; izan ere, aipatutako alderditik gogoratu dutenez, “sarritan, bizikletak lurrean botata egoten dira, horrek dakartzan eragozpenakaz: espazioa okupatzea, jendea erortzeko arriskua eta abar”. Arazo horiek denak “bizikletentzako ganorazko aparkaleku bategaz konpondu daitezkeela” uste dute.
Portuko pantalanean, beste eskailera bat jartzea erabaki dute, “uretatik ateratzeko eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonak uretara inongo arazo barik sartu eta irten ahal izateko”; eskaileraz gain, arrapala bat jartzea ere planteatu dute: “Pertsona nagusientzat ez da batere erraza eskaileretatik uretara sartzea eta irtetea; beraz, horretarako arrapala bat egokitzea ezinbestekoa dela deritzogu”, azaldu dute. Gainera, eskailera bat gehiago jartzea “beharrezkoa” dela esan dute, behin baino gehiagotan, arrapalako eskailera apurtu egin delako eta erabiltzaile ugarik (umeek, batez ere) beste eskailerara heltzeko “zailtasunak” izan dituztelako.
Ingurua antolatzeko, “Portu Zaharreko trafikoaren berrantolaketa aztertzea” proposatu du Bermeoko EH Bilduk: “inguru horretara oinez nahiz bizikletaz joan ahal izateko, 10 km/orduko abiadura muga errespetatzeko neurriak hartzeko” eskatu dute. Gainera, ‘Martillo’-ko gunea handitzeko aukerak aztertzea ere planteatu dute: bai lehorreko, bai uretako espazioak.
Amaitzeko, aisialdiko eremu horretan “kirol jarduerak sustatzeko aukerak aztertzea eta martxan jartzea” ere aurreikusi dute: Puntu horri dagokionez, “umeen parte hartzean oinarrituta” baloratu gura dituzte aukera posible guztiak. Proposamenen artean, besteak beste, uretako puzgarriak jartzea dago.