Ilunabarrez plazan gozatu ahalko da Arratzun
Uztaileko eguenetan 20:00etan Loiolako plazan kulturaz gozatzeko hitzordua jarri dute Egigun elkartekoek. Lehenengo ilunabarra Lilibertsoko kideek girotuko dute.
Bigarren urtez, Arratzuko gazte, nagusi zein txikienenei eskaintza kulturala eman asmoz, Ilunabarrak plazan zikloa jarri dute martxan. Uztaileko eguenetan 20:00etan Loiolako plazan kulturaz gozatzeko hitzordua jarri dute Egigun elkartekoek.
Kultura ardatz hartuta, formatu ezberdinak landuko dituzte: bertsoak, musika edota zinema. “Ume, gazte eta helduentzako proposamena bultzatu dugu. Duela bi urte funtzionatu zuen proposamena izan zen, eta argi geneukan hala jarraitu behar genuela. Ez dugu publiko zehatz bati lotutako eskaintza egin gura izan, egitaraua zabala izan behar zen, disziplina ezberdinak lantzen zituena”, azaldu dute.
Hori horrela, eguenean Lilibertsoko taldekideak izango dira protagonista nagusiak. “Duela bi urte egotekoak ziren, baina bertan behera geratu zen euren saioa. Iaz, pandemia tarteko, ez genituen iluntzeak antolatu, eta aurten argi geneukan eurekin hasi behar genuela zikloa. Arantza hori kendu behar dugu”, diote. Datorren astean Addar musika taldea ariko da akustikoan, eta uztailaren 29an, berriz, Nebbian: “Musika kontzertuak akustikoan izango dira, plazara formatu hori oso ondo egokitzen delako”. Uztailaren 22an, euskal zinemaz gozatu ahalko da, euskal produkzioei lekua eskaini gura dietelako. Antzerkia ere jorratu gura zutela onartu dute, baina pandemia tarteko, ez dagoela horretarako aukerarik diote Egigun elkartekoek.
Ilunabarrak plazan ekimenagaz, kultur eskaintza eta aisialdirako planak bultzatu gura dituzte herrian, herria bizitzea baita elkarteko kideen asmoa: “Gure asmoa belaunaldi desberdinetako jendea batzea da, aisialdi edo parte hartzerako eskaintza bat eginez. Bertatik eta bertokoa eskaini gura dugu, eskualdean ditugun baliabideekin eta herrian ditugun aukerekin. Sorkuntza edota beste esparru batzueri begirako ekimenak bultzatzen jarraitu gura dugu”.
Aurten, pandemiaren ondorioz, ez da jatekorik ezta jolasik egongo. “Edukiera mugatua egongo da, eta maskarak erabiltzea ezinbestekoa izango da. Segurtasun distantziak ere errespetatu beharko dira”, argitu dute antolatzaileek.
Herria dinamizatzeko asmoa. Duela bi urte sortu zen Egigun elkartea, 2019ko abenduan. “Duela bi urte hasi ginen batzen, ekainaren 28a eta gero. Gernikara Astra Iluntzeetara bajatu beharrean, guk gure baliabide urriekin herriko plazan zerbait egitea pentsatu genuen. Hortik elkartzeko ideia sortu zen, eta parte hartze prozesu bat martxan jarri genuen. Hala sortu zen Egigun. Arratzun aisialdi, kultura, formakuntza,.. landu gura ditugun elkartea gara”.
2021eko martxoan pandemiak dena “hankaz gora” jarri ziela aitortu arren, aurrera jarraitzen dute. “Hilabeteetan zehar Arratzun ez da aukerarik egon ezer egiteko, eta geldi egon gara. Denbora guzti horretan gure erronka udako plana berreskuratzea izan da, ekimen horregaz hasi ginelako, eta aisialdirako ekintzak berriro bultzatu gura genituelako. Ekimenak oso zapore ona utzi zigun duela bi urte, eta horrekin jarraitu gura genuen. Egia da oso baldintzatuta gaudela segurtasun neurriengatik, baina gure txikitasunetik aurrera egin dugu”.
Izan ere, “kultura segurua” dela erakutsi gura dute: “Hori erakutsi dute azken hilabeteetan ekintzak antolatu dituzten mugimendu eta administrazioek. Segurua ez ezik, beharrezkoa ere bada, bizitzeko airea beharrezko dugun bezala”.
Hala, herritarrei zein inguruko bizilagunei bertaratzeko deia egiten diete. “Gure esparrua Arratzuko bizilagunei aukera ezberdinak eskaintzea da, baina Ilunabarrak plazan ekimena irekia da. Herritarrak zein inguruko bizilagunak Arratzura gerturatzera gonbidatzen ditugu”. Aurrera begira ere, ekintzak antolatzen jarraitzeko asmoa agertu dute.
EGITARAUA:
Uztailak 8: Bertso saioa Lilibertsoren eskutik.
Uztailak 15: Addar musika taldearen kontzertu akustikoa.
Uztailak 22: Zinea kalean.
Uztailak 29: Nebbian taldearen kontzertu akustikoa.