Lamera musikaz janzten: II. Uda Txosneroa bidean da
Aurten ere, udako iluntzeetako hitzordu musikatua izango dute, aste biro, bermeotarrek.
Uztailean eta abuztuan zehar, Uda Txosneroa izeneko kontzertu eta emanaldi zikloa egingo dute Bermeon. Horrela, aste biro, udako gauak girotuko dituzte herriko nahiz kanpoko egileek. Egitasmo horren bigarren edizioa da, iazko udako lehendabiziko esperientziaren ondoren.
Ekimenaren antolatzailea Bermeoko Txosna Batzordea da eta, proiektuaren prestatzaileek azaldu legez, “Uda Txosneroa inongo diru laguntza barik sortu da, herritarren arteko auzolan osoz, eta Bermeoko Udalak ez du parte hartu”. Helburu bezala, “herritik eta herriarentzat sortutako kartela kaleratzea” izan dute. Iazko esperientzia positiboaren ostean eta, aurten ere, herriko jaiak egongo ote diren ez dakitenez, udako proiektu horri berriro heltzea erabaki dute Batzordekoek.
Beraz, uztailaren 16an hasita eta abuztuaren 27a bitartean, Bermeoko Lamera eremua musikak hartuko du: emanaldi denak aipatutako parke espazio horretan burutuko dira eta, horrez gain, barikuz egingo dituzte, aste biro. Kartelari dagokionez, “herriko nahiz kanpoko artistak” ekartzea bilatu dute, “denetarikoak eta ikusle denentzat”; era berean, “gizonezko eta emakumezko artisten arteko oreka” ere guztiz garrantzizkotzat jo dute.
Egitaraua. Uztailaren 16an hasiko da aurtengo txosnetako udako kontzertu zikloa: 21:30etan hasita, Ezpalak taldeak joko du eta, eurekaz batera, Gernika-Lumoko Feline taldekoak arituko dira. Bi aste beranduago, uztailaren 30ean, 19:00retan hasiko dira emanaldiak; Iñigo Astiz idazlearen eta Jon Basaguren musikariaren ‘Oraindik, orain eta oraingoz’ poesia errezitaldi musikatua egongo da lehenengo eta, jarraian, Garik joko du, Maldanbera bere musika taldeagaz batera.
Ekimenak abuztuaren 13an segituko du: Tatxers, Ibil Bedi eta J Martina taldeek askotariko estiloak landuko dituzte, iluntzeko 20:30etan hasita. Ordu berean joko dute, abuztuaren 27an, Nikotinak eta Juantxo Arakamak; eurekaz, gainera, herriko zenbait egile egongo dira: Gatom & N’Drew, batetik; Herbalist & Marta, bestetik. Kontzertu horrekaz, aurtengo Uda Txosneroaren egitaraua zarratutzat emongo dabe.
Bermeoko Txosna Batzordetik azaldu dutenaren arabera, bertaratzen direnek kontutan izan beharko dute uneoro segurtasun zein higiene neurri denak betetzea derrigorrezkoa izango dela. Pertsona arteko espazioari helduta, baina, aurreratu dute “oraindik ezinezkoa zaiela kontzertuak jesarrita ala zutunik ikusi ahalko diren esatea”. Hori bai, “mahaitxoetan taldeka jesartzeko aukera” egongo dela ziurtatu dute.
Uda Txosneroa antolatzerakoan, “arazo asko” izan dituztela argitu dute: Bermeoko Txosna Batzordea, beste hainbeste legez, herriko txosnetatik ateratako etekinetatik hornitzen da eta, bizi dugun egoera tarteko, ezinezkoa izan zaie iturri horretatik dirua lortzea. Dena dela, kultura “lehen lerrora” ekarri behar dela aldarrikatzen dute eta helmuga horregaz sortu da, hain zuzen ere, proiektu hau. Iaz egin zuten ziklo horren lehenengo edizioa eta herritarren partetik jaso zuten erantzuna “guztiz positiboa” izan zen; horrenbestez, eta kontzertuak modu normalean egitea galarazten duen egoerak derrigortuta, “prest daude aurtengo udako erronkarako”.