Gernika-Lumoko Jai Alaik hartuko du Jai Alai World Tourraren finala
Gernikako eta Hondarribiako Grand Slamak dira aurtengo zirkuituaren txapelketa nagusiak. Uztailaren 24tik abuztuaren 16ra jokatuko dute Gernika-Lumokoa.
Jai Alai World Tour zirkuitua aurreko asteburuan hasi zuten Markina-Xemeinen, eta urrian, Gernika-Lumoko Jai Alai jokatuko dute finala. Azken fase hori urriaren 23an eta 25ean jokatuko dute. Bakarkako txapelduna, berriz, Berriatuan erabakiko da abenduan.
Atzo aurkeztu zuten Bilbon. Gernika-Lumoko eta Hondarribiako Grand Slamak dira aurtengo hitzordu nagusiak. Uztailaren 24tik abuztuaren 16ra lehiatuko dute lehenengoa. Gernika Jai Alai Grand Slama uztailaren 24an eta 31n eta abuztuaren 7an, 14an eta 16an jokatuko dituzte partiduak zesta-puntaren katedralean. Haren erreleboa hartuz, irailaren 17tik urriaren 15era jokatuko dute Hondarribiakoa.
Beste hainbat data ere iragarri zituzten atzoko agerraldian. Mutrikuko Masterra uztailaren 22tik 24ra lehiatuko dute, eta Lekeitiokoa, abuztuaren 22an eta 29an eta irailaren 4an. Halaber, iragarri zuten Zumaia, Donostia eta Bartzelonan jokatzeko ere negoziaketetan dabiltzala, eta uztailaren 24an iparraldeko puntisten eta hegoaldekoen arteko desafioa lehiatuko dutela Leitzan.
Aipatutako txapelketetan eta torneoetan punta-puntako parte-hartzaileak ariko dira beste urte batez. Aurrelarien artean daude Diego Beaskoetxea eta Xabier Barandika gernikarrak, Alex Hormaetxea bermeotarra, Aritz Erkiaga ispastertarra, Jokin Arbe markina-xemeindarra edota Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarra. Atzelarien artean, ikuskizuna eskaintzera kantxaratuko dira Unai Lekerika gernikarra, Ibon Aldazabal berriatuarra, Imanol Lopez zumaiarra, Nicolas Etcheto bidartarra, eta Julen del Rio gasteiztarra.
Munduko Pilota Batzarrak eta Gernika Jai Alai eta Jai Alive enpresek osatutako ABEEk (aldi baterako enpresa-elkartea) hiru urterako akordioa lortu dute. “Egonkortasuna bermatzeko” helburuagaz sinatu dute kontratua. Izan ere, orain arte urtez urte berritzen zuten hitzarmena.
Bestalde, Xisterako klubekin akordioa lortzekotan dira; etorkizuneko pilotariekin Inter Jai torneo bat egin nahi dute, eta horko onenek Jai Alai World Tour zirkuitura salto egingo lukete hurrengo urtean.