Gernika-Lumok 21 milioi euroko aurrekontua onartu du
Kultura eta kirola sustatzearen ardura nabarmendu du Jose Mari Gorroño alkateak. Diru partidarik handiena giza baliabideetakoa izango da.
Gernika-Lumoko Udalak 21.011.790 euroko aurrekontua onartu du, iazkoaren oso antzekoa; iaz 21,2 milioikoa zen udal aurrekontua. Azken osoko bilkuran onartu zuten udal aurrekontua, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren kontrakoekin.
Beste urte batez, langileen soldatak ordaintzeko diru saila izango da handiena: 5,4 milioi euro. Inbertsioetarako, berriz, 1.610.125 milioi euro bideratuko dituztela nabarmendu dute. Diru sail horretan, hainbat proiektu berri bultzatuko dituztela jakinarazi zuen Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak. Emakume baserritarren omenezko eskultura bat jarriko dute Domingo Alegria plazan, merkatu plazatik gertu: “Astelehenero plazan batzen dira, eta euren lana balioan jarri gura dugu. Eurak dira astelehenero-astelehenero merkatu plazako protagonistak, eta aitorpena egin gura diegu”.
Horrez gainera, herriko artistei ere lekua eman gura die udalak. Hala, aire libreko erakusketa gune bat sortu gura dute, “herriko artistek euren lanak eskaintzeko”. Proiektu hori bultzatzeko, 56.100 euroko aurrekontua aurreikusi dute.
Herriko asfaltatze lanetarako 316.000 euro aurreikusi dituzte, eta bizikletentzako hiru aparkaleku jarri gura dituzte, Santa Luzian, Lorategietan eta Tiloetan. Aparkaleku horiek 20.000 euroko kostua izango dute, gutxi gorabehera. Halaber, herriko seinaleztapena hobetu gura dute, eta horretarako proiektu integral bat egingo dutela jakinarazi dute, “herriko zerbitzuak non dauden zehazteko”.
Kirol Patronatura 1.874.954,72 euroko aurrekontua bideratzea aurreikusi dute, aurrekontuaren %9. Izan ere, Santanapeko, Urbietako, Malosteko, Jai-Alaiko eta Zearretako instalazioak kudeatzen ditu patronatuak. “Osasuna eta kirola oso garrantzitsuak dira, eta horiek bultzatzen jarraituko dugu. Gainera, herriko hainbat talde goi mailako lehiaketetan ari dira”, adierazi zuen Gorroñok.
Kultura sustatzearen ardura. Gernika-Lumoko Udalak Kultur Etxeari 2,1 euroko diru saila emango dio. Alkateak zehaztu duenez, liburutegiko proiektua idazteko 138.545 euroko aurrekontua behar izango da, eta Bakearen Museoak eta Gernika Gogoratuzek, guztira, 172.521 euro hartuko dituzte, “aurreko aurrekontuan baino diru gehiago”.
Ekintza sozialetarako 1,2 milioi gorde dituzte, eta hamabost diru sail ezberdinetan banatuko dute dirua, proiektu edota talde ezberdinei laguntzeko. Gizarte zerbitzuek Caritas edota Elikagaien Bankuari 25.000 euro bideratuko dizkiete, aurrekontu horren %59,2. Eta emergentzia soziala behar duten familientzako, berriz, 20.000 euro erreserbatuko dituzte. Berdintasun Zerbitzuak 91.508 euro izango ditu.
Euskarak leku garrantzitsua hartzen du udal aurrekontuan, eta zehaztu dutenez, Aita Luis Villasante udal euskaltegiak 751.682 euro izango ditu. “Matrikulak beherantz doaz, baina euskaltegien lana bultzatzen jarraitu behar dugu”, dio alkateak. Hala, euskara bultzatzen jarraitzeko diru sailaren %60 euskaltegiarentzako izango da.
Behargintzak 902.203 euro jasoko ditu, eta kaleko garbiketa lanek eta hondakinak batzeko zerbitzuak 1,8 eta 1,5 miloi euro izango dituzte, hurrenez hurren.