Martxan dago lagundutako bainu-zerbitzua Mundakako Laidatxun
'Hondartza denontzat' ekimenak Mundakako Laidatxu, Lekeitioko Isuntzan eta Ondarroako Arrigorrin emango die laguntza mendekotasuna duten pertsonei abuztuaren 31ra arte. Zerbitzua pandemiaren prebentzio eta kontrolerako araudi orokor eta espezifikoetara egokitu dute.
Hondartza Denontzat izeneko lagundutako bainu-zerbitzua martxan dago dagoenerako Mundakako Laidatxu hondartzan. Abuztuaren 31ra bitartean, Bizkaiko kostaldean estrategikoki banatutako beste bost hondartzetan emango dute zerbitzua: Lekeitioko Isuntzan, Ondarroako Arrigorrin, Plentzian, Ereagan eta La Arenan.
Programa hau garraio egokituko Bidaideak zerbitzuagaz osatzen da, eta programa garatzen den egun guztietan eta mugikortasun gabezia gehien duten pertsonei aukera ematen die kostaldeko helmuga horietara iristeko.
Bidaideak erakundeko 21 begirale espezializatuk eskainiko dute, 11:00etatik 19:00etara bitartean. Horretarako, besteak beste, hurrengo baliabideak erabiliko dituzte: 30 gurpil-aulki anfibio –9 berariazkoak dira mendekotasun arineko indizeak dituzten pertsonentzat, 15 erdi mailako mendekotasuna dutenentzat eta 7 mendekotasun handia dutenentzat–, hondarrean ibiltzeko bereziak diren 70 makulu pare, eta begirale taldeari mugitzeko erraztasunak emateko lau garabi hidrauliko, “mugikortasun arazo larriak dituzten erabiltzaileei laguntzeko”. Laguntza puntuek, gainera, hondartza bakoitzean arreta emateko behar den azpiegitura barne hartzen dute: egurrezko plataformak, karpak, aulkiak, mahaiak, bainugela egokituak eta aldagelak.
Kontrol neurrietara egokituta. Iaz egin legez, zerbitzua COVID-19aren prebentzio eta kontrolerako araudi orokor eta espezifikoetara egokituta eskainiko da. Hala, instalazioetarako edukiera murriztu dute, osasun agintariek ezarritako segurtasun distantziak mantentzeko. Gainera, zerbitzuaren erabiltzaileei euren laguntza pertsonalerako baliabideak erabiltzea gomendatu diete, programako aldagelak erabili behar dituztenean.
Zehaztu dutenez, laguntza teknikoen mailegu zerbitzuak indarrean jarraituko du, bainu lagunduaren zerbitzua eskainiko duten moduan, eta programako talde profesionalek egingo dute. “Zerbitzua ematen duten begiraleek etengabe higienizatuko dituzte laguntza tekniko horiek eta instalazioak”, adierazi dute.
Instalazioetan egoteko denbora muga osasun agintariek herritar guztientzat ezartzen duten berbera izango da, eta zerbitzuaz gozatu gura duten sei pertsonatik gorako talde guztiek aldez aurretik erreserba egin beharko dute nahitaez, 94 426 66 00 telefono zenbakira deituta edota nfo@bidaideak.org helbide elektronikora mezua bidalita.