Kiroldegiko erabiltzaileek "begi onez" balioetsi dute Kirol Patronatuak pandemia garaian egindako lana
Araneko kiroldegiko "erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutzea" eta "erabiltzaileen iradokizunak jasotzea" izan da Kirol Patronatuko ordezkarien helburua. Pandemia garaian jarduera fisikoa egitearen garrantzia eta instalazioen garbitasuna nabarmendu dute erabiltzaileek.
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, Arane kiroldegiko erabiltzaileek “begi onez” hartu dute Kirol Patronatuak pandemia garaian egindako lana. Kiroldegiko erabiltzaileen asetasun maila ezagutzeko asmoz, bi inkesta burutu dituzte; lurreko kirolguneetako erabiltzaileei bata eta igerilekukoei bestea.
Besteak beste, garbitasunaz, segurtasunaz, bulego birtualaz, kirolguneetan hartutako neurriez, seinaleztapen-sistemaz eta pandemia eta jarduera fisikoaren arteko erlazioari buruz galdegin diete erabiltzaileei. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, balorazio orokorra “azpimarragarri ona” izan da: “Inkestan 204 galdeketa burutu dira, lurreko ekintzak egiten dituzten erabiltzaileen, igerilekuko erabiltzaileen, eta gune biak erabiltzen dituztenen artean”. Zehaztu dutenez, adin eta genero desberdinetako galdekatuek pandemia garaian jarduera fisikoa egitearen garrantzia eta instalazioen garbitasuna nabarmendu dute.
Horrez gainera, kirolguneetan hartutako neurriak, erabilitako seinaleztapen-sistema, sarrera irteeren kontrola, izena emateko modua eta bulego birtualaren erabilera ere “begi onez” baloratu dutela nabarmendu dute udal ordezkariek.
Erabiltzaile gazteenen (16 urtetik beherakoak) gogobetze maila izan da altuena uretako instalazioei dagokienez, eta 60 urtetik gorako erabiltzaileek baloratu dituzte hobekien kirolguneko beste instalazioak. 16 eta 59 urte bitarteko erabiltzaileek bi guneak balioetsi dituzte “modu egokian”. “Ondorio gisa, kiroldegiko erabiltzaileek nahikotzat jo dute eta pozik gelditu dira patronatuak pandemia garaian hartu dituen erabakiekin”, ondorioztatu dute patronatuko arduradunek.
Erabiltzaileen iritzia ezagutzea. Araneko kiroldegiko “erabiltzaileen gogobetetze maila ezagutzea” eta “erabiltzaileen iradokizunak jasotzea” izan da Bermeoko Udalaren helburua. Izan ere, 2020ko martxoaren 13az geroztik eta pandemia tarteko, Kirol Patronatuak unean-uneko erabakiak hartu, eta kiroldegiko ordutegiak eta edukierak murriztu behar izan ditu besteak beste. Horrek erabiltzaileengan zuzeneko eragina izan zuela diote, eta euren iritziak jaso gura izan dituzte inkestekin.