'Martillo' atzera zabalik
Bermeotarrek, uda honetan, aisialdirako beste eremu bat izango dute, portu inguruan.
Bermeoko Udalak iako hondartza denboraldian bainurako atondu zuen gunea, ostegunean, hilaren 1ean, zabaldu egingo du. Izan ere, iaztik, Martillo moila aisialdirako eremu bihurtu izan da uda sasoian, bai bainurako, bai lehorrean eguzkia hartu edo jolasteko. Bainu gune berriak Gurutze Gorriko sorosleak izango ditu eta ordutegia, aldiz, ondorengoa izango da: eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Aurtengo berritasun legez, bertaratzen diren herritarrek dutxa eta komuna erabiltzeko aukera izango dute.
Erabiltzaileek 2.377 m2 izango dituzte igeri egin edo jolasteko, eta gunea baliza bidez egongo da markatuta. Eremu mugatua den arren, erabiltzaileei “portuko ingurunean dagoela” gogorarazi die Bermeoko Udalak; gainera, “erabat debekatuta” dago moilatik salto egitea edo araututako gunetik kanpo igeri egitea.
Xaboia erabiltzea ere erabat galarazita egongo da eta hondakinak, berriz, jaso eta dagokien lekuan uztea derrigorrezkoa izango da. Hori errazteko, gune osoan edukiontziak jarri ditu Bermeoko Udalak eta, horrez gain, egunero espazioa garbitzeaz arduratuko da. Era berean, bertara kotxez ez gerturatzea eskatzen da.