Jubilatuen aldeko apustua, Mundakan
Mundakako Udalak kasinoaren eraikinean dagoen jubilatuaren zentroa zaharberrituko du.
Mundakako Udalak aditzera eman duenaren arabera, kasinoa kokatuta dagoen eraikineko jubilatuen zentroa birmoldatu egingo dute. Obren helburuak, besteak beste, instalazioak berritzea eta bilera gela bat jartzea dira. Mundakako Udaletik azaldutakoaren arabera, “jubilatuen zentroak, bere instalazioak berritu ondoren, antolaketa hobea eta praktikoagoa izango du”.
Era berean, “gure nagusiek ahalik eta espaziorik egokiena, irisgarriena eta hoberen antolatutakoa” behar dutela adierazi dute; hori dela eta, “konponbide bideragarri bat” eman gura izan zaie espazio horrek aspalditik dakartzan gabeziei, Mundakako alkate Mikel Bilbaok argitu duenaren arabera. Horretarako, Mundakako Udalak udal arkitektoak bideraturiko birmoldaketa proiektu bat ipini du abian. Proiektu horrek barne hartzen ditu, hurrenez hurren, lokalaren antolaketa berria, espazio erabilgarriari bilera gela bat nahiz komun irisgarri bat jartzea eta eraikinaren instalazio elektrikoa zaharberritzea.
Aurtengo uda, epemuga. Mundakako Udalak lehiaketa publikora atera zituen jubilatuen zentroko berriztatze proiektuko obrak eta, hain zuzen ere, bost enpresa aurkeztu ziren aipaturiko lehiaketara. Azkenean, obra horiek E3D2008 SL enpresari esleitu zaizkio, eta esleipena beherantz egin da; osotara, 73.553,58 €-ko zenbatekodun aurrekontua egongo da, proiektua gauzatu ahal izateko. Birmoldaketa uda amaierarako amaituta egotea espero da, lanak egiteko epea hiru hilabetekoa delako. Mundakako Udalak, gainera, diru laguntza bana eskatu die hala Eusko Jaurlaritzari, nola Bizkaiko Foru Aldundiari.