Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna omenduz
Bermeoko Udalak bat egin du Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunaren aldeko egitasmoekin.
Bermeoko Udalak aho batez hartu du konpromisoa “torturaren nahiz botere gehiegikeriearen biktimen eskaera kolektiboa babesteko”. Ekimenaren helburu nagusia biktima guztiak onarpen berbera izatea da. Beraz, Bermeoko Udalak bat egin du Eusko Legebiltzarrak onartutako legez besteko proposamenagaz.
Horrez gain, Bermeoko Udaleko alderdi politiko guztiak batu zaizkio ekainaren 26ko Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko onartu zen egitasmorekin. Halaber, giza eskubideen urraketa larri horiek gizartearen aurrean eragiten duten egundoko bidegabekeria ere aitortu dute. Hori dela eta, deialdia luzatu dute tortura ahalbidetzen duten sistemak eraldatu eta bertan behera uzteko eta, gainera, krimen horien guztien zigorgabetasuna salatzeko.
Beraz, Bermeoko Udalak, bere osotasunean, torturaren zein botere gehiegikeriaren biktimekiko beharrezkoa den aitorpen instituzionala babestu du: biktimen sufrimenduari egia, memoria eta erreparazioa emateko beharrizanari balioa ematea azpimarratu dute. Aitorpen horrekin batera, Udalak botere publiko demokratiko guztiei neurriak hartu ditzaten eskatu die, etorkizunean berriz ez errepikatzea bermatzeko. Auzi hori bistaratzeko, berriz, torturatuta hil diren biktima guztien oroimeneko ikurrina masta erdian ipiniko dute bihar.