Mundakako EAJ-PNV San Pedro jai 'inklusiboagoen' alde
Mundakako EAJ-PNVk San Pedro jaien benetako xarmaren aldeko aldarrikapena egin du.
Mundakako EAJ-PNVk Udalari San Pedro jaien egitarauaren birplanteamendu bat egitea eskatu dio herriko alkate Mikel Bilbaok, joandako ekainaren 22an proposatutako ekimenek, jarduerek eta proposamenek “lekuko jaien nortasuna erabat baztertzen dutela” argudiatuta. Alderdi jeltzaleko ordezkarien esanetan, “Kepa Deunaren jaiak oso garrantzitsuak dira mundakako herritarrentzat eta, horregatik, beraien tradizioak errespetatzea eskatzen dugu, Covid-19aren aurrean bete beharreko segurtasun neurriek ahalbidetzen duten testuinguruaren baitan”.
Udalak aurkeztu zuen jai egitarauak askotariko egitasmoak barnebiltzen ditu: mariatxiak, magia ikuskizunak, kalejira, Sorginaren erakusketa, umeentzako jokoak, ikus-entzunezko emankizunak, erakusketak edo playback lehiaketa, esate baterako. Proposamen horiek guztiak “oso erakargarritzat” jo dituzte Mundakako EAJ-PNVkoek, baina faltan botatzen ditugzte “Kepa Deunaren jaietako jarduera tradizionalak”. Ekimen horien artean aipatu dituzte, besteak beste, Kepa Deunaren edo Sorginaren irteera, kirol jarduerak, pilota partidak eta abar.
Bestalde, talde jeltzaleak “programazio inklusiboa antolatzeko beharrizana” azpimarratu du, alegia, “mundakar guztientzat planteatutako jai egitaraua, jai egunotan bertara hurreratu gura dutenak ahaztu barik”. Izan ere, Mundakako Udalak aurtengo San Pedro jaietarako atondu duen proiektua “bertan erroldatuta dauden pertsonentzat bakarrik” planteatu dutela salatu dute.
Horrez gain, Mikel Bilbao alkateari “herriko jaiak antolatzerakoan ere, lekuko tradizioak errespeta ditzala” eskatu diote, eta udal korporazioa osatzen duten gainontzeko alderdi nahiz taldeei “egitarauaren parte hartzeko aukera ematea”. San Pedroak betidanik jai herrikoiak izan direla argudiatu dute jeltzaleek eta, beraz, herritar guztientzako jai egitarau erakargarria osatu ahal izateko, “indar politiko zein sozial denen parte hartzearen sustapena guztiz beharrezkoa” dela adierazi dute.
Alderdi jeltzaleak, jaiak ospatzeko orduan, “zentzuz jokatzea” eskatu die, bai erakundeei, bai herritarrei: “Egoerak hobera egin duen arren, ez dugu ahaztu behar azken urtean bizi izan dugun guztia eta oraindik pandemia egoeran jarraitzen dugula”. Poztasunerako deialdi bat ere egin dute, Kepa Deunaren jaiak herritarrentzako guztiz beharrezkoak direla aldarrikatuta; “herriaren eta herritarren nortasuna indartzen dutela” azaldu dute eta, horregatik, Mundakako Udalari “jarduera inklusibo eta tradizionalak antolatzeko” eskatu diote, jendeak segurtasunez eta osasun barme guztiekin gozatu ditzan.