Herriko kultura bultzatzeko diru laguntzak emango ditu kultur etxeak
Eskaera orriak irailaren 30era arte aurkeztu beharko dira Kultur Etxean.
Gernika-Lumoko Kultul Etxeak zabaldu du kultura jarduerak gauzatzeko elkarteentzako diru laguntzen ohiko deialdia. “Herriko gizarte eta kultura arloa sustatzeko eta dinamizatzeko diru-laguntzak dira, eta kulturarekin zerikusia duten jarduerak egiten dituzten elkarte edo pertsonek eskuratu ahal izango dituzte», zehaztu dute udal agintariek.
Diru laguntza horien helburu nagusia udalerriko kultura esperruan zerbitzu eskaintza sustatu eta egonkortzea da, baita elkarteen mantenurako laguntza eskaintzea ere. Beraz, laguntzak kultura sustatzearekin lotutako ekimenetan aritzen diren irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeei zuzenduta egongo dira.
Laguntzak banatzerakoan, proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa kontuan hartuko dute, baita jardueraren originaltasuna ere. Aukera eta hezkuntza errentagarritasuna eta genero berdintasunean proiektuek izan dezaketen eragina ere aztertu eta baloratuko dute.
Diru laguntzak eskatzeko epea irailaren 30era artekoa izango da, azken eguneko 14:00ak bitartean. Eskaera orria Gernika-Lumoko Udalaren webgunean (www.gernika-lumo.net) eta Kultur Etxearen webgunean (www.kulturagernika-lumo.eus) deskargatu daiteke, eta hori bete ostean, interesatuek Kultur Etxean aurkeztu beharko dute, “laguntzaren xede den jarduera edo proiektuaren azalpen edota memoriagaz batera”. Halaber, helbide elektronikoa bidalita egiteko aukera ere eskaini dute: kultur-etxea@gernika-lumo.eus.