Estibaliz Medina: "Nesken artean ikasketa zientifikoak garatzeko gogoa suspertzea da 'Inspira' proiektuaren helburua"
Maierreko Berrikuntza Sailean lan egiten du Estibaliz Medina ingeniariak, eta nesken artean ikasketa zientifiko-teknikoak garatzeko gogoa suspertzea helburu duen 'Inspira' programan parte hartu du lehenengoz.
Inspira programaren parte da Maier, eta emakume eta ingeniaria zaren heinean, neskei ikasketa zientifikoak garatzeko gai direla erakutsi gura diezu. Zein da programaren helburua?
Deustuko Unibertsitateak aurrera eramaten duen programa da Inspira, eta Maierrek proiektua bultzatzen du. Izan ere, Maierren apustu irmoa da talentua sortzen duten proiektuak eskualdean trakzionatzea, generoen arteko desberdintasunik barik eta pertsonen baliorik aktiboena kontuan hartuta. Inspira programaren bitartez, 12 urteko nesken artean ikasketa zientifiko-teknikoak garatzeko gogoa suspertzea da helburua, izan ere, ez dira asko ikasketa horiek egiten dituzten emakumeak. STEAM ikasketak bultzatu gura ditugu: zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika. Emakumeengana hurbiltzeko proiektuak dira, eta oso lotuta daude Maierren balioekin. Inspira da horietako bat, baita Talentatu ere.
Zer lantzen duzue saioetan?
Sei saiotan banatuta, denetarik lantzen dugu. Lehenengo eta azken saioak neska-mutilekin egiten ditugu, eta beste laurak neska eta mutilen taldeetan banatuta. Ni neskekin egoten naiz, eta saio horietan lanbideei buruzko estereotipo eta estigmak lantzen ditugu. Eredu izan daitezkeen emakumeei eta euren lorpenei buruz ere berba egiten dugu, askok uste dutelako zientzia eta teknologian egindako aurrerapen guztiak gizonezkoek lortu dituztela. Esaterako, ez dakite lehenengo programatzailea emakumea izan zela. Behin hiru saioak eginda, joko bat egiten dugu, eta enpresa bat sortzeko esaten diegu, ikasitako guztiari gainbegirada bat emanez.
“Neskei eurek gura dutena egiteko gai direla erakutsi gura diegu”
Zergatik eman behar zaio ikusgarritasuna zientzia eta teknologian emakumeek egiten duten lanari?
Emakumeen lorpenak erakustea beharrezkoa da, ereduak sortzeko eta ikasleei emakumeek ere lorpen handiak eskuratu ahal dituztela erakusteko. Horregatik, gaur egungo emakumeen zein aitzindari izandakoen lorpenak ezagutarazten dizkiegu, historian ezkutatu dituztenak. Adibidez, talde zientifiko askotan gizonezkoek eta emakumezkoek parte hartzen zuten arren, arrakasta gizonentzako izaten zen, nahiz eta ideia emakumeena izan. Konturatu naiz, zentroaren arabera, desberdina dela ikasleen ikuspuntua. Ni Lauaxetan egon naiz, eta ikusi dut neska askok argi daukatela estereotipoak zer diren. Hori ondo landuta dute txikitatik, baina beste zentro batzuetan ez da gauza bera gertatzen. Diotenez, 12-13 urte inguruan hasten dira ikasleak etorkizunean zer izan gura duten erabakitzen, eta adin horretan eragin gura dugu, neskei edozertarako gai direla erakutsiz. Nik nire esperientzia kontatzen diet, guk hori egin ezean, ez dutelako informaziorik izango, eta ona da eurentzat ereduak jasotzea. Saioekin eurek gura dutena egiteko erremintak dituztela ikasi badute, eta ikuspuntu edo aukerak zabaltzen bazaizkie, pozik nago. Bere egunean guk ez genuen eredurik eduki, eta garrantzitsua dela uste dut.
Beraz, beharrezkoa da horrelako proiektuak bultzatzea.
Beldurra kentzeko garrantzitsua da programa hau. Horrelako proiektuak neska gazteei erremintak emateko besterik ez dira. Erakusteko zerbait gura izanez gero, gauzak egiteko gai direla, eta sexuak ez daukala zerikusirik egin gura dutena egiteko orduan. Zientzia eta teknologiagaz lotura daukaten ikasketak egin gura badituzte, horiek egiteko gai direla erakustea da gure asmoa. Beldurrik ez izatea. Ez pentsatzea mutilek egin dezaketen ikasketak bakarrik direla horiek.
Izan ere, zenbat dira zientzia eta teknologia ikasketak egiten dituzten emakumeak?
2018-2019ko ikasturtean, esaterako, ingeniaritza eta industria ikasketetako ikasle guztien artean %28 ziren emakumeak. Oso gutxi da gaur egungo egoera kontuan hartuta. Badirudi egoera hoberantz doala, baina oraindik emakumeen datuak ikasketa horietan oso gutxi dira. Ematen du nik ikasten nueneko grafikoa dela gaur egungoa. Gu 80 ikasletik zortzi bakarrik ginen neskak. Garai hartan ingeniaritza mutilen ikasketa zela pentsatzen zen. Maierren lanean hasi nintzenean ere, ni nintzen nire saileko neska bakarra. Orain, gero eta emakume gehiago daude, eta nabaritzen da.
Emakumeek zein ekarpen ematen diote zientziari?
Guk gizonezkoen lan bera egin ahal dugu, baina egia da askotan sentsibilitate edo ikuspuntu desberdina daukagula. Beste ikuspuntu bat ematen diogu zientziari. Volvoren adibidea aipatzen dut beti. Autoak egiterakoan, talka bat simulatu behar izaten dute enpresek. Panpinekin simulatzen dute hori, eta beti dute gizon itxura. Volvok ikerketa bat egin zuen, eta konturatu ziren istripuetan emakumezkoek zerbikaletako arazo gehiago izaten zituztela gizonezkoek baino. Ohartu ziren kotxeak gizonezkoek gizonezkoentzako diseinatu zituztelako gertatzen zela. Hori adibide txiki bat besterik ez da.
“Beldurra kentzeko garrantzitsua da programa hau. Horrelako proiektuak neska gazteei erremintak emateko besterik ez dira”
Hutsunea betetzen ari da?
Apurka-apurka bai, baina oraindik asko dago egiteko. Gutxi gorabehera, gizartearen %50 gara emakumeak, baina Maierren ez gara ehuneko horretara heltzen, gizonezkoak gehiago dira oraindik. Askotan pentsatu izan da emakumeenak zirela zaintzara bideratutako lanbideak. Ikerketa batek dio emakumeek besteak zaintzeko joera daukagula, eta horregatik egiten ditugula irakaskuntza edota medikuntza bezalako ikasketak. Ikasketa teknikoak aseptikoagoak direla dio, eta horregatik ez ditugula hautatzen. Baina kapazitate berdinak ditugu, eta oraindik hutsunea betetzeko falta da.
Talentatu programaren sustatzailea ere bada Maier.
Talentatu Maierrek proposatutako programa da, eta horren helburua da eskualdeko ikastetxeetan Maier zer den eta ikasketa teknikoak zer diren erakusketa. Halaber, etorkizunean Maierrentzako beharrezkoak izango diren gaitasunak ezagutaraztea ere bada asmoa. Horregatik Batxilergoko ikasleekin bultzatzen dugu programa, eurek jakiteko zer den guk behar duguna. Eskualdean lana sortzea baita Maierren helburuetako bat.