II. Warhammer 40K lehiaketa, asteburu honetan
Datorren asteburuan, hilaren 26 eta 27an, ospatuko da Bermeon, BREE elkarteak antolatuta.
Iazko arrakastaren ostean, aurten ere Warhammer 40K txapelketaren bigarren edizioa ospatuko dute Bermeon. Ekimena zapatuan hasiko da eta ondorengo egitaraua izango du bere lehen egunean: goizeko 07:45etik 08:00ra bitartean, parte-hartzaileek izena emateko tartea izango dute (Aurrekoetxea 27 kaleko beheko solairuan); taldeko, bost pertsona aurkeztu ahal izango dira eta gehienezko talde kopurua, ostera, zortzikoa izango da. Iaz, 48 parte-hartzaile izan zituzten eta, aurten, pandemia tarteko, berriz ere lortu dute jokalari kopuru interesgarri batera heltzea.
Goizeko 08:00ak eta 11:15ak artean, lehendabiziko partida egingo dute eta, ordu laurdeneko atsedenaldiaren ondoren, 11:30etatik 14:45a arte, bigarren partidaren txanda izango da. Hau amaitzean, bazkalorduko atsedenaldia egingo dute eta, zapatuko egitaraua zarratzeko, 15:00tatik 16:30ak arte, hirugarren eta azken partidaren txanda izango da.
Domekako programazioa, ostera, goizeko 09:45ean hasiko da: parte-hartzaileei harrera egingo zaie. Horren ondoren, laugarren eta azken partidaren txanda izango da, 10:00etatik 13:15era. Eguerdiko 13:30etan, egitaraua osatzeko, sari banaketa egingo dute.
Sariei dagokienez, hurrenez hurren, taldekide bakoitzarentzat bat egongo da, baina irabazleek, horrez gain, txapela ere jasoko dute. Gainera, talderik onenaren saria, txapeldunordearena eta hirugarren sailkatuarena ere egongo dira. Bestalde, bakarkako jokalaririk onena eta azken sailkatua ere sarituko dituzte, antolatzaileen esanetan, “azkenengoek ere merezi dutelako”.