Kupoiek saria utzi dute Bermeon
100.000 euro banatu dira saritan Bermeo eta Bakio artean.
ONCEren asteburuko kupoiaren zozketari esker, 100.000 euro banatu dituzte saritan, Bermeoko eta Bakioko udalerrien artean. Oraingo honetan, Felix Marín saltzaileak banatu du zorte saria: astean zehar ONCEren joko-produktuak eskaintzen ditu Bermeoko San Frantzisko elizaren aurreko kioskoan eta, domeketan, Bakioko kaleetan ere ibiltzen da.
Azaldu duenaren arabera, ”hiru hilabete eta erdi baino ez” daramatza agente saltzaile legez beharrean, eta “oso hunkituta” dago. Oraindik ez zaio bezerorik etorri sariak erreklamatzera, baina argitu du “egunero hurreratzen diren herriko pertsonak” direla, gehienbat, bere erosleak; hori dela eta, dagoeneko haiekin harreman “oso polita” sortu duela eta haietako askorentzat gaurkoa “emozioz eta sorpresaz beteriko eguna” izango dela gaineratu du.
Osotara, bost kupoik lortu dute saria bost zifretan, kupoi bakoitzeko 20.000 euroko sariekin. Horrela, Bermeok eta Bakiok bat egin dute aurten Euskadiko ONCEren sariak lortu dituzten udalerrien zerrendarekin. Sarien banaketa 2021 urtarrilaren 1eko Gabonetako Zozketa Bereziarekin hasi zen: banaketa hark 8 milioi euro utzi zituen Bilbo eta Donostia artean; horri, gainera, Bilboko hainbat auzotan banatutako 350.000 euro gehitu behar zaizkio. Halaber, sari gehiago banatu ziren lehen hiruhilekoan: Irunen, Laudion, Zumaian, Arrasaten edo Gallartan. Orain arte, ONCEk 15 milioi eurotik gora banatu ditu saritan Euskal Autonomia Erkidegoan.
ONCEko produktuak 20.000 agente saltzailek merkaturatzen dituzte; saltoki bakoitzeko terminalari esker, bezeroak gehien gustatzen zaion zenbakia hautatzeko aukera du. Erosketa modu fisikoan egiteaz gain, ONCEren webgune ofizialean nahiz baimendutako establezimenduetan ere burutu daiteke.