Gau magikoa suaren inguruan
Sanjoanak herriko jai handiak dira Ean, eta egungo errealitatera egokitutako ekintzekin bete dute egutegia. Amallon ere bertso saioa izango dute. Bermeon aurten ere itxita dago Gaztelugatxeko San Juan. Hala ere, mahonak jarrita aterako dira kalera bermeotarrak.
Ekainaren 23a tradizioz eta mitoz beteriko gau berezia da. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean ere magikoa da gau hori herritarrentzat. Urteko egunik luzeenean, suaren inguruan igaroko dute herritarrek urteko gaurik laburrena. Ospakizunak udako solstizioagaz erlazionatutako ospakizun paganoan du jatorria. Udako solstizioa ekainaren 21ean edo 22an izan ohi da, baina erlijio katolikoaren eraginez, ekainaren 24an ospatzen da, San Juan Bautistaren omenez.
Koronabirusak sortutako pandemiak ere udarari ongietorria emateko jai, erritu eta ospakizunak mugatu zituen iaz. Aurten, baina, zer edo zer ospatuko dute hainbat lekutan.
San Joan jaiak jai egun handiak dira Ean. Halako egunei merezi duten ospakizuna emango diote, betiere egungo egoerara egokituta. Hain zuzen, musikak izango du protagonismoa bihar herri horretan; Josu Bergararen kontzertuan elkartuko dira herritarrak frontoian. Musikari eatarrarentzako berezia da herriko jaietan, lagun eta familiaren aurrean kontzertua eskaintzea, eta aurton sanjoan suak piztu aurretik eskainiko du emanaldia. Gero, Danbayan batukada arduratuko da gaua girotzeaz.
Etzi, bertsolarizaleentzako bertso saioa eskainiko dute Ibai Amillategi eta Koldo Gezuraga bertsolari gernikarrek. Barikuan, berriz, Tor Magoaren ikuskizunagaz gozatuko dute umeek.
Bermeoko Gaztelugatxeko San Juanen egun handia izaten da ekainaren 24a. Bermeotarrek ohitura dute herritik haraino oinez joateko eta, fededunak, meza entzutera joaten dira hango ermitara. Aurten, baina, bigarren urtez, itxita dago Gaztelugatxeko San Juan. Hala ere, mahonak jarrita aterako dira kalera bermeotarrak.
Suaren beroa, bezperan. Txarrak eroateko eta onak ekartzeko eskatuko dute askok, San Joan bezperan. Errigoitin eta Natxituan suen inguruan batuko dira herritarrak, eta, epeltasunean, etorkizunerako desioak eskatzeko aprobetxatuko dute, baita pentsamendu txarrak alde batera uzteko ere.