Familiak koloretan erakusten
Bermeoko San Frantzisko Herri Ikastetxeak MSPEren saria irabazi du.
Bermeoko San Frantzisko H.I. zentroaren lana saritu du MSPE (Madres Solteras Por Elección) elkarteak. Inklusibitatearen eta feminismoaren alde egiten duen eskolarteko txapelketan, lehenengo saria hartu dute bermeotarrek.
Aipatutako erakundea joan den maiatzaren 14an jarri zen harremanetan Bermeoko ikasketa zentroarekin; lehendabiziko kontaktu hartan, familiaren egunerako proposamen bat adostu zuten, eta MSPEko lantaldeak San Frantzisko Herri Ikastetxea haien hautagai zerrendan sartu zuen.
Lehiaketa antolatu duen lantaldea bikote barik ama izatea erabaki duten emakumezkoeak eta, era berean, hezkuntza arloan dabiltzan pertsonak osatzen dute. Haien helburu nagusia da proposamenak bilatzea, familia aniztasuna hezkuntza zentroetan eta modu guztiz altruistan landu ahal izateko. Aurtego familiaren egunerako proposamenetariko bat bideoklip bat egitea izan da.
Hunkitzeko moduko proposamenak. Txapelketaren irabazlea izan da San Frantzisko H.I., eta elkarteak bidalitako mezuan “eskerrik beroenak” eman dizkio, eginiko bideo eder eta hunkigarriagatik. Bestalde, zentro desberdinetatik jasotako bideoekin “irribarre eta negar” egin dutela gaineratu dute. Lehiaketako irabazleak aukeratzea “eginbehar zeharo zaila” izan dela adierazi dute, elkartekoentzat “magikoa” izan baita hainbeste pertsona, handi zein txiki, elkarrekin lanean ikusteko aukera eduki izana. Gainera, aniztasuna “balore bat bezala” ikusarazteko bidean, urrats hau “oso garrantzitsua” dela azaldu dute.
Lehiaketako aukeraketa prozesua luzatu egin zaiela azaldu dute antolatzaileek, eta ikasturte amaieragaz bat egin. Hori dela eta, saria jasotzeko datorren ikasturtera arte itxaron beharko dute San Frantzisko Herri Ikastetxekoek. Hala ere, antolatzaileek hitz eman dute hasi berri den uda hau, “lasaitasunez eta maitasunez” opari bat prestatzeko erabiliko dutela.