Artearen ikuspuntutik, Dimako memoria landuko dute Astran
Izaro Sola Gaintza eta Juan Plablo Orduñez bertaratuko dira udalerrira, eta Dimako memoria esperientzia erakutsiko dute: 'Dimako memoria arte begiradatik'.
IPES elkarteak bere azken memoria elkarrizketa saioa eskainiko du etzi, 19:00etan, Gernika-Lumoko Astran.
Izaro Sola Gaintza eta Juan Pablo Orduñez bertaratuko dira udalerrira, eta Dimako memoria esperientzia erakutsiko dute: Dimako memoria arte begiradatik. Artearen bidez eraikitako egitasmoaz berba egingo dute, ikerlari eta artisten ahotsetatik.
Dimako memoria esperientzia herri egitaskoa dela diote antolatzaileek: “Dimako aurreko udal gobernuak sustatu zuen, EHUrekin elkarlanean egin da, eta herriko sektore eta elkarte ezberdinen inplikazioa izan du. Memoria eraikitzeko modua oso kolektiboa izan da, instantzia ezberdinak elkartu dituena”. Halaber, artearen bitartez memoria eraikuntza zelan eraiki duten jakitea “oso interesgarria” dela diote, “arteak memoriaren eraikuntzarako duen baliogarritasuna agerian uzten duelako”.
Memoria elkarrizketak. IPES elkarteak memoria lantzeko lanean dauden egitasmo, esperientzia edo proiektu ezberdinen berri emateko helburuagaz antolatzen ditu memoria elkarrizketak. “Haiengandik ikasi eta Gernikagaz lotura sustatzea da gure asmoa. Hau da, herri memoria sustatzen dugun elkarte askoren arteko ezagutza, gogoeta kolektiboa, eta hortik atera daitezkeen proiektuetarako espazio bihurtzea”, adierazi dute.
Estepan Urkiaga Lauaxeta hil zuten urteurrena, ekainaren 25a, baliatzen dute ikasturteko azken memoria elkarrizketa egiteko. “Lauaxetak kazetari suizar bat hurbildu zuen herrira, bonbardaketaren berri emateko. Bonbardaketa bi egunetara atxilotu zuten, gerora espetxeratu eta gerora Gasteizen fusilatu”.