Zinemaz kalean gozatzeko aukera izango dute nabarniztarrek zapatuan
'Errementari, el herrero y el diablo' filma ikusiko dute Elexaldeko plazara bertaratzen direnek. Hurreratzeko asmoa dutenek aurretiaz izena eman behar dute, eta hori egiteko azken eguna da barikua.
Zinemaz kalean gozatzeko aukera izango dute nabarniztarrek zapatuan, 22:00etatik aurrera, Elexaldeko plazan. Errementari, el herrero y el diablo filma ikusi ahalko dute bertaratzen direnek.
Nabarnizen lehenengoz antolatu duten ekitaldia da honakoa. Hain zuzen ere, herria bizitzaz betetzeko eta herritarrei bestelako ekintza bat eskaintzeko asmoz bultzatu du udalak ekimena. “Pandemia egoera dela eta, egin daitezken ekintzak mugatuak dira. Herriari bizia emateko asmoz bultzatu dugu zinema kalean, pandemia dela eta aspaldik ekintzarik egin barik gaudelako, eta gauzak antolatzeko gogoa badagoela erakusteko”, adierazi dute udal arduradunek. Kultura bultzatzeko aukera ere bada honakoa.
Elexaldeko plazan elkartuko dira herritarrak, aire zabalean. “Pandemiaren egoera hobetzen doa, herritarrak txertoak jasotzen ari dira, baina osasun neurriak bete asmoz, kalean eskainiko dugu ikus-entzunezkoa”, diote antolatzaileek. Hori horrela, karpa, pantaila bat eta eserlekuak jarriko dituzte plazan.
Bertaratzeko asmoa dutenek aurretiaz izena eman behar dute, eta hori egiteko azken eguna da barikua. Horretarako, 94 625 50 77 telefono zenbakira deitu, udala.nabarniz@bizkaia.org helbide elektronikora idatzi, edota 648 46 87 79 telefonora whatsap bat bidali beharko da. “Edukiera kontrolatzeko, zenbat eserleku jarri behar ditugun jakiteko eta segurtasun distantziak mantentzeko hartu beharreko neurriak zehazteko eskatu dugu aurretiaz izen ematea”, azaldu dute.
Nabarnizko Udalak ekitaldia iazko martxoan egitea zuen aurreikusita, baina pandemia tarteko, bertan behera utzi behar izan zuten. “Ikus-entzunezkoa zehaztea baino ez zitzaigun falta, baina azkenean, bertan behera geratu zen dena”.
Errementari. Patxi errementariaren kondairan oinarritutako filma da Nabarnizen zapatuan ikusiko dena. 1843an girotuta dago, eta Arabako herri bateko gertakari baten ikerketaz ari da.
2017an Paul Urkijo arabar zuzendariak egindako euskal filma da, 2018an Sitgesko Fantasiazko Zinemaldian aurkeztu zutena eta 2018ko martxoaren 2an zinema aretoetan estreinatu zena.
Nabarnizko Udalak ikus-entzunezkoa ikustera joateko deia egin die herritarrei: “Beldur barik gerturatzeko deia egiten diegu, segurua izango delako. Segurtasun distantzia mantenduko da, aforoa kontrolatuko da, eta maskarak uneoro jarrita eduki beharko dira”.