Georgiako enbaxadoreak Batzarretxea bisitatu du, Euskal Herriagaz senidetzeko keinu modura
Kaukasoko estatu txikiko ordezkari batek Bizkaiko Batzarretxea bisitatzen duen lehen aldia izan zen atzokoa.
Ilia Giogadze Georgiako enbaxadorea Gernika-Lumora hurreratu zen atzo, eta Batzarretxea bisitatu zuen. Kaukasoko estatu txikiko ordezkari batek Bizkaiko Batzarretxea bisitatzen duen lehen aldia izan zen atzokoa.
Georgiako Gobernuaren ordezkaria bisita ofizialean dago Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, eta Batzar Nagusien egoitzea ezagutzeko “interes berezia” agertu zuen, bere agenda politiko, instituzional eta enpresarialean Gernika bisitatzeko lekua eginez.
Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak “ohore guztiagaz” eman zion ondo etorria enbaxadoreari, “Euskadik eta Georgiak urteetan izan dituzten hartu-eman onen erakusgarri”. Izan ere, Tiblisi, Georgiako hiriburua, Bilbogaz senidetuta dago 1998az geroztik, eta euskal hizkuntza eta kulturako katedra baten egoitza da. Atzo jakinarazi zutenez, hizkuntzalari batzuek euskararen eta georgieraren arteko antzekotasunak azpimarratu dituzte azken urteetan.
Otaduik Bizkaiko Batzarren sarreran hartu zuen Georgiako ordezkaria. Txistulari baten soinuak lagunduta, Batzarretxearen kanpoaldea bisitatu zuten, zuhaitz zaharrean eta Gernikako arbolaren aurrean geldialdia eginez. Dantzari bikote batek ohorezko “aurreskua” dantzatu zien, eta jarraian, osoko bilkuren aretoa eta beirateena bisitatu zituzten. Bisitariek beti egin modura, Ohorezko Liburuan sinatu zuen Giogadzek.