Martxa jendetsua, giro bikainean
XI. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistan 600 lagun baino gehiago elkartu ziren zapatuan. Aixerrotape Txirrindulari Elkartekoek martxaren "oso balorazio positiboa" egin dute. Oizeko kronoigoeran Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra izan zen azkarrena.
600 txirrindulari elkartu ziren zapatuan XI. Jabi Amorrortu Martxa Zikloturistan. Giro “bikaina” nagusitu zela nabarmendu dute Aixerrotape Txirrindulari Elkartekoek, eta martxaren “balorazio oso positiboa” egin dute: “Egunean bertan zein ostean, sare sozialen bidez, jaso ditugun iritziak oso pozgarriak izan dira. Parte hartzaileek oso pozik bukatu dute”.
Ibilbidea asko gustatu zitzailea nabarmendu zuten parte hartzaileetako askok, batez ere kanpotik Gernika-Lumora hurbildutakoek: “Donostiako gizon batek Bizkaian oso gutxi ibili dela eta inguruagaz txundituta geratu zela esan zigun”. Errioxarrak edota Espainiatik gerturatu zirenak ere “txundituta” geratu zirela nabarmendu dute antolatzaileek.
Ibilbidean zehar ere gustura ibili ziren: “Gure asmoa beti izan da txirrindulariak bide hauetatik lasai ibiltzea. Are gehiago, hondartzako eguna zela eta ibilgailuen joan-etorriekin sortzen diren arazoak kontutan hartuta. Dena ondo joan zen. Bertako jendeari eskatu genion ahal zuten heinean gidari lanetan aritzeko eta bidea kontrolatzeko, eta parte hartzaileek diote “ez zela arazorik egon eta pozik ibili zirela”.
Oizeko erronka. Martxako partaideetako batzuk Oizeko kronoigoera egin zuten, hiru ibilbide zeudelako aukeran: Oiz erronka (162 km/3.200 m+), Bizkaiko Kosta (128 km/2.000m+) eta Urdaibaiz gozatuz (75 km/1.000m+).
134 txirrindularik lehiatu zuten kronoigoeran, eta denetan azkarrena izan zen Ekaitz Lejarzegi ajangiztarra, 32 minutu eta 34 segundoko denboragaz. Emakumezkoetan Iratxe Cerrillo murgiarra izan zen lehenengoa, 43 minutu eta 17 segundutan erronka beteta. “Oizeko erronka oso gogorra egin zitzaien parte hartzaileei, espero zena baino jende gutxiago egon zen igotzeko gaitasunez, baina kontutan eduki behar da erronka oso gogorra zela. Eguraldia ere oso beroa izan zen. Eguerdian bero asko egiten zuen eta nabaritu zen”, azaldu dute antolatzaileek.
Txirrindulari profesionalek eta profesional izandakoek ere parte hartu zuten, eta Beñat Intxausti muxikarra, Igor Astarloa munduko txapeldun izandakoa eta Pedro Horrillo omendu zituzten. “Jendearen partea hartzea bultzatu asmoz, bizikletaren munduan ezagunak diren pertsonak omentzea ona izaten da, jendea animatzen dute”. Irteeran Gorka Gerrikagoitia ere egon zen, eta parte hartzaile askok txirrindulariekiko hurbiltasun hori eskertu dutela diote antolatzaileek.
Pandemia egoera honetan, 600 parte hartzaile kontrolatzea erronka handia da, baina Aixerrotape Txirrindulari Elkartekoek egindako lana goraipatu dute parte hartzaileek: “Oso ondo antolatu gara, eta kontrolpean izan dugu dena. Kontutan hartuta 600 pertsona baino gehiago etorri zirela, oso ondo bete genuen zehaztuta geneukan protokoloa, eta jendeak goraipatu egin du hori”.
Parte hartzaileei eta batez ere laguntzen aritu zirenei euren laguntza eskertu diete Aixerrotapekoek: “Gure laguntzaileen laguntza barik ez genuen martxa hau egingo, oso ondo portatu zen jendea”.