Asier Galarzak irabazi du lehenengo kanporaketa
Argi Baltza Bertsolari Gazteen Sariketako lehenengo kanporaketan gailendu da Galarza, eta Bermeoko finalerako sailkatu da.
Gorozikako frontoia bete zuen atzo Argi Baltza Bertsolari Gazteen sariketako lehenengo kanporaketak. Asier Galarza, Jone Larrinaga, Paule Loizaga, Asier Alcedo, Enare Muniategi eta Beñat Bilbao aritu ziren bertsotan, eta Galarza izan zen onena.
Garaipenagaz, Bermeon lehiatuko den finalerako zuzeneko txartela eskuratu zuen bertsolari muxikarrak. Kanporaketa bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta beste hirurak puntuazioaren arabera erabakiko dira.
Atzoko saioan 80 ikus-entzuleren aurrean aritu ziren bertsolariak. “Oso giro ona nagusitu zen. Espero genuen jende asko gerturatzea, baina ez horrenbeste. Saio oso polita izan zen. Egonezina geneukan saioa zelan aterako zen jakiteko, baina erantzuna bikaina izan zen”. Muxikako Udalari jasotako laguntza eskertu diote Lilibertsokoek, “erraztasun handiz antolatu zutelako saioa”.
Gazteak, bertsotan. Bertsolariek, euren aldetik, plaza eskaini izana eskertu zioten Lilibertsorik, “gustura” ibili baitziren oholtza gainean. Izan ere, euretariko asko denbora luzez egon dira jendaurrean bertsotan aritu barik eta horiei lekua eskaintzea izan da Lilibertsokoen helburua. “Bizkaian edota Euskal Herri mailan, gabezia handi bat dago gazteen plazaratzeari dagokionean. Egia da Bizkaiko zein Euskal Herriko bertsozale elkarteetatik ahalegin handia egiten dela bertsolari gazteak plazaratzeko orduan, baina asko dira bertsolari gazteak, eta ez dago denentzako plazarik”, azaldu zuten aurkezpenean.
“Maila altua” jarri zuten Gorozikan, eta Gautegiz Arteagako hurrengo saioan hori mantentzea espero dute. Domekan, 18:00etan, Gautegiz Arteagako Udal frontoian batuko dira bertsozaleak, eta Imanol Uriaren, Mikel Retolazaren, Maite Sarasolaren, Leire Vargasen, Ander Anakaberen eta Nagore Beitiaren bertsoez gozatzeko aukera izango dute.