San Juan kaleak itxura berria dauka
Don Tello eta Ocho de Enero kaleen arteko zatian egin dira iriste erraztasuna hobetzeko lanak.
Foru hiribildua oinezkoentzako gero-eta irisgarriagoa eta atseginagoa izateko proiektuarekin jarraitzen du Gernika-Lumoko Udalak. Azken lanak San Juan kalean egin dituzte, Don Tello eta Ocho de Enero kaleen arteko zatian. Berriro urbanizatu dute udalerriko arteria nagusienetakoa, bertatik ibilgailu, bizilagun eta bisitari asko igarotzen direlako.
Lanak 2.082 metro koadroko azaleran egin dituzte, eta 282.525 euroko aurrekontua izan dute. Hain zuzen ere, San Juan Ibarra plazarako bidegurutzean errodadura eremua goratu dute, espaloiaren mailan kokatu arte. Asfalto inprimatua ere jarri dute, galtzada harriaren antzekoa. “Oinezkoentzako lehentasunezko gune bihurtu da pasabide hori, ibilbidean zeuden desnibelak kendu baitira”, diote udal ordezkariak.
Merkatua eta San Juan Ibarra plaza banatzen dituen espazioan ibilgailuentzako bidea goratzeak eta dena maila berean kokatzeak Fernando Abaunza, Elbira Iturri eta Domingo Bernaola kaleak oinezkoentzako gune bateratuak izatea dakarrela diote udal ordezkariek.
Don Tello eta San Juan kaleen arteko bidegurutzean ere, espaloien eta oinezkoentzako pasabideen artean zeuden malda aldaketak kendu dituzte. “Bidegurutzean, gainera, espaloiak eta ibilgailuen biratzeko erradioak zabaldu ditugu, autobusak errazago igarotzeko bertatik”, gaineratu dute.
Lanekin amaitzeko, argiak eta hiri altzariak berritu dituzte, eta ezinduentzako aparkaleku bat eta motorrentzako gune bat jarri dituzte.