Etxeko langileen lan eskubideei buruz ariko dira Astran
Etzi, 18:00etan jarri dute hitzordua kulturarako fabrika sozialean. Etxeko langileei parte hartzeko deia egin diete.
Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko ordezkariek sektore horretako langileen lan eskubideei buruz hitz egingo dute etzi, 18:00etan, Astran.
Saioa Gernika-Lumoko Lanbide Ekimenen Zentroak, Gernika-Lumoko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu dute eta langileei eta enplegatzaileei zuzenduta dago.
“Etorkin emakume askok arlo horretan lan egiten dute eta, askotan, baldintza kaxkarretan. Komenigarria deritzogu, beraz, enplegatzaileei eta langileei euren lan eskubidei buruzko saio bat eskaintzea”, azaldu dute mankomunitateko ordezkariek.
Etorkin asko heldu berriak direla diote, eta ez dituztela bertoko lan baldintzak ezagutzen arrazoitu dute. “Kasu batzuetan ezagutzen dituzte eskubideak, baina lanean egotearren onartu behar ez dutena onartzen dute”, adierazi dute. Zaintza lanetan 24 orduz ari diren langileen egoera “bereziki gogorra” dela diote: “24 orduz etxe batean lanean ari direnen kasu batzuk oso gogorrak dira. Zailtasunak dituzte jai egunak eskatzeko eta egunean zehar asko dira lanean igarotzen dituzten orduak”.
Enplegatzaileak normalean partikularrak izaten direla azaldu dute, eta askotan lan kontratuak egiteko zalantzak izaten dituztela diote: “Ezer jakin barik etortzen dira, eta uste dugu guztiz komenigarria dela saio hauek antolatzea. Askok egun batetik bestera pertsona bat kontratatu behar dute ama edota amona zaintzeko, eta inoiz ez dute kontraturik egin. Ez dakite non galdetu ezta zer egin behar duten ere. Horregatik duela hainbat urte saio informatiboak antolatzen eta Etxeko Langileen Elkarteko materialak zabaltzen hasi ginen”.
Ez dakite saioak antolatzeak etxeko langileen egoera hobetuko duen edo ez, baina egin dezaketena informazioa zabaltzea dela uste dute, eta hala egingo dute. Hori horrela, etxeko langile zein enplegatzaileei hitzaldira gerturatzeko deia egin diete: “Animatu eta parte hartu, langileentzako beharrezkoa da-eta informazioa edukitzea”.