Herriko kirolarien lana aitortu du Gernika-Lumoko Udalak
Gernika Clubeko, Lointek Gernika Bizkaiako eta Gernika Rugby Taldeko ordezkariekin batu dira gaur eguerdian udalbatzako agintariak. Pello Bilbaoren, Olatz Arrizabalagaren eta Judith Otazuaren lana ere azpimarratu dute ekitaldian.
Herriko kirol talde eta kirolariek denboraldian zehar erakutsi duten maila goraipatu eta lortutakoa aitortu die Gernika-Lumoko Udalak. Gernika Clubeko, Lointek Gernika Bizkaiako eta Gernika Rugby Taldeko ordezkariei harrera egin, eta aurtengo denboraldian lortutakoa aitortu diete udal agintariek.
Erregulartasunak saria ekarri die Gernika Clubeko futbolariei aurten, eta Hirugarren Mailan sari bikoitza lortu dute. Historian lehenengoz dira ligako txapeldunak, eta bi denboraldi Hirugarren Mailan egin eta gero, datorren denboraldian Bigarren Mailan ariko dira.
Igoera lortzea zen Gernika Rugby Taldearen apustua, eta denen artean helburua betetzea lortu dute. Bi denboraldi bete dituzte Ohorezko B Mailan, baina gorenean ariko dira datorren denboraldian. Ohorezko Mailan, herriari poztasun gehiago emateko lan egingo dute.
Futbolari eta basurdeen lana goraipatzeaz gain, Lointek Gernika Bizkaiak egindako denboraldi “bikaina” gogoratu du Jose Mari Gorroño alkateak. Euskal Kopa irabazi dute, eta Superkopan txapeldunorde geratu dira. Erregina Koparako sailkapena, Eurokopan lehen zortzirenen artean sartzea, eta lehenengoz ligako titulua lortzeko finalerdiak jokatzea lortu dute.
“Emaitza horiek lortzea erraza dela ematen duen arren, ez da kontu erraza. Lan asko dago horren atzean. Lehenengo, denboraldia planifikatu eta helburuak zehaztu behar dira, eta horiek lortzeko lan gogorra egin behar da gero, denboraldi guztian zehar”, adierazi du alkateak. Gainera, zorte ona izatea ere garrantzitsua dela dio, “lesioak saihesteko”.
Bilbao, Arrizabalaga eta Otazua. Gaurko egunean, gainera, udal gobernuko kideek ez dituzte ahaztu herriko beste kirolariak. Pello Bilbaok, Olatz Arrizabalak eta Judith Otazuak aurten lortutakoa nabarmendu dute besteren artean.
“Ez dut ahaztu gura Pello Bilbaok Giroan egin duena. Italiatik bueltatu da dagoenerako, eta Tourrera joango da gero”, adierazi du alkateak. Italiako hiru asteko itzuli handian sailkapen orokorreko hamahirugarren txirrindularia izan da, eta lehen euskalduna. Damiano Carusso taldeburuari laguntzeko lanean gogor aritu da gernikarra, eta talde lanak saria eman die. Izan ere, Egan Bernalen atzetik, Giroko bigarren postua eskuratu zuen Carusok. “Txirrindulari handia da Pello, baina pertsona hobea”, esan du alkateak. Halaber, iazko udan Espainiako Erlojupekoan gernikarrak lortutako garaipena gogoratu du.
Olatz Arrizabalagaren lana ere aipatu du alkateak. Eskuz Binakako Laboral Master Txapelketan txapeldunorde geratu ziren Olatz Arrizabalaga eta Naroa Agirre apirilean, eta laugarren sailkatu zen gernikarra Bizkaia Torneoan. Maila “oso ona” erakusten ari da txapelketetan.
Judith Otazua atletak pista estaliko 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan brontzezko domina eskuratu izana ere azpimarratu du alkateak, “bikain” ari dela esanez.
“Maila ikaragarria da herriko kirolariek erakutsi dutena, ez sinistekoa. Polita da lortutakoa, hunkigarria”, adierazi du Gorroñok, eta herriko gazte eta nagusiak ilusioz bete dituztela nabarmendu du. “Maila horretan aritzea pozgarria da denontzat”.
Hori horrela, pandemia amaitzen denean “ederra” izango litzatekeela udalerrian kirolarien egun bat antolatzea adierazi du: “Herria handia da denok batera gaudenean. Giro onagaz, jai giroan, kirolari hauei merezitako aitorpena egitea polita izango zen”. Eta egiten dutenaz gozatzen jarraitzeko esan die.